Traña-Matienako eskolako kirolgune berria

Anboto 2013ko api. 26a, 13:25

Jose Luis Navarro alkatea, Antonio Serrano zinegotzia eta Jose Manuel Martin eskolako zuzendaria batu dira, gaur, Traña-Matienako eskolako jolasgune berriaren inaugurazioan

Jose Luis Navarro alkatea, Antonio Serrano zinegotzia eta Jose Manuel Martin eskolako zuzendaria batu dira, gaur, Traña-Matienako eskolako jolasgune berriaren inaugurazioan.

 

Aurkezpenean azaldu dutenez, eskola horretako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen atsedenaldietarako erabilgarri izango da, datorren astetik aurrera, kirolgune berria. Aurreratu dutenez, eskola ordutegitik kanpo herritar guztientzako zabalik egongo da ingurua (22:00ak arte udan).

 

Besteak beste, futbolera eta saskibaloira jokatzeko zelaiak, ping-pongean aritzeko mahai bi eta futbolin bat atondu dituzte 3.000 metro karratuko azalera horretan. Bestalde, ikasleek kudeatuko duten ortu baterako ere atondu dute Traña-Matienako eskolako patioko lursail bat.

 

Jose Luis Navarro alkateak esan duenez, 228.759 euro bideratu du Abadiñoko Udalak proiektu honetara, eta inbertsioaren %60 Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak finantzatu du. "Eskola publikoa hobetzea Udalaren helburuetako bat da, eta horretara bideratzen ditugu ahaleginak", esan du alkateak. "Ziur gaude azpiegitura berri honek harrera ona izango duela Abadiñoko ume eta gazteen aldetik", azpimarratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!