Donien atxa jarrita emango diote hasiera jai giroari Traña-Matienan. Usadioari eutsiz, San Prudentzio bezpera jarri dute hitzordua, 20:00etan. Iluntze dantza taldearen erakustaldiaren ondoren, urteko lagun ospetsuenari omenaldia eskainiko diote.
Motorrak berotzeko eguna dute gaur Traña-Matienan. Izan ere, kartel lehiaketako sariak eman eta gero, Durangaldeko I. Maketa Lehiaketan parte hartu duten hiru talde eskainiko dute kontzertua. Hala ere, bihar, egingo dute eztanda Sanprudentzioek. Kontzertuak, lehaiketak, nekazaritza azoka, umeentzako jolasak, kirola, antzerkia... askotariko ekitaldiak batu dituzte jai egitarauan.
Geu be elkarteak ere sanprudentzioak ospatuko ditu 10. urteurren ospakizunetan murgildu aurretik, eta Gasteizko Betagarri musika taldeak \'Zorion Argiak\' diskoa aurkeztuko du; \'Munduari itzulia\' emango dio Markeliñek, eta, Andoni Egaña, Julio Soto, Arkaitz Estiballes eta Miren Amuriza bertsolariak igoko dira Errota kultur etxeko oholtza gainera.