Mecanizados Iketz enpresako lantegiek proposaturiko mozioa onartu dute, udaleko hiru alderdiek, aho batez. "Bi enpresen itxiera eragozteko" bere esku daude gestioak egiteko konpromezua hartu du Abadiñoko Udalak.
Pleno aretoko jesarlekuak "Iketz eta San Elloy ez itxi" idatziriko peto berdeak jantzitako enpresa horietako langileek bete dituzte, gaur. Beste hainbeste langilek aretoaren kanpoaldetik jarraitu dute ez ohiko bilkura. Langile horien aurrean adierazi dute Abadiñoko Independienteak, Bildu, eta EAJk, "Iketz eta San Eloyko lanpostuen aldeko eta lantegien itxieraren kontrako jarrera".
Hainbat konpromezu biltzen ditu Abadiñoko Udalak onarturiko mozioak. Besteak beste, "Elorrioko 147 eta Abadiñoko 63 lanpostuak galdu ez daitezen, taldeko bazkide den Eusko Jaurlaritzagaz batzarra egin, eta beharrezko erabakiak har ditzala eskatzea"; lan gatazkak dirauen artean "udaletxeko balkoian Lanpostu suntsiketarik ez! Abadiño bizirik. San Eloy eta Iketz ez itxi dioen pankarta ipinita edukitzea"; eta zapaturako "lantegien alde deituriko martxagaz bat egitea".
Jose Luis Navarro alkateak irakurri zuen langileek aurkezturiko mozioa. "Elkartasun osoa adierazi, eta lanpostuak defenditzeko" konpromezua hartu zuen Abadiñoko alkateak. "Gure esku dagoen guztia egiteko prest gaude arazoari konponbide bat bilatzen laguntzeko eta lanpostuok defendatzeko", adierazi zuen Aitor Azueta zinegotziak Bilduren izenean. Eneko Etxebarria EAJko bozeroaleak, "ez dugu ezelako idatzirik prestatu, halakoetan berbak sobera daudela uste dugulako, baina ados gaude mozioagaz": hainbeste enpresen itxiera ekarri duen joera gelditzeko lan egin behar dela azpimarratu zuen Etxebarriak.
Iazko irailean konkurtso-prozedura abiatzea eskatu zuten Iketz eta San Elioy enpresen arduradunek. Gaur Abadiñoko Udalean aho batez onarturiko idatzian esaten denez, "desagertuta daude bazkideak: urteetan sortutako aberastasuna poltsikoratu ondoren euren erantzunkizunik ez dute onartu gura".