Martxoko bilkurarako aurreikusitako gaietako bat zen, baina zerrendatik atera zuen alkateak.
Martxoko udalbatzarreko gai ordenean argitaratu zuten Euskal Fondoa: bazkide izateari utzi puntua. Baina ez zuten gaia batzarrean eztabaidatu. Udalak erabakitzeko du, beraz, garapen bidean dauden herrialdeekiko lankidetzarako elkarte hori diruz laguntzen jarraituko duen. Jose Luis Navarro alkateak azaldu duenez, “gobernu taldekook Euskal Fondoaren bazkide izateari uztearen aldekoak garen arren, uste dugu 2013ko udal aurrekontu proposamenari lotuta eztabaidatu beharreko gaia dela, ez batzorde batean erabakitzekoa”.
Jose Luis Navarro alkatearen berbetan, horregatik erabaki zuen gaia martxoko udalbatzarraren gai zerrendatik kanpo uztea: “Neure akatsa izan zen gaia bilkurako zerrendan sartzea, eta horregatik kendu nuen”. Hala ere, Abadiñoko Independienteak taldea zergatik dagoen udala Euskal Fondotik ateratzearen alde azaldu du Jose Luis Navarro alkateak: “Uste dugu beste era batzuk egon daitezkeela garapen lankidetza eta laguntza sustatzeko”.