Kontsulta gelen kopurua bikoiztu eta barne banaketa hobetzeko lanak amaitu dituzte Traña-Matienako anbulategian. Osakidetzako ordezkariek, osasun zentroko langileek, eta udaleko ordezkariek inauguratu zuten eraberrituriko anbulategia, atzo.
Bikoiztu egin dute gelen kopurua: erizaintzarako eta medikuaren kontsultetarako zortzi gela daude anbulategian orain. Aurkezpenean azpimarratu dutenez, “argi naturala eta aireztapen hobea” dute gela berriek, lehengoen aldean.
Eusko Jaurlaritzaren 449.000 euroko aurrekontuagaz finantzatu dute obra: 2011n abiatu zituzten lanak.
Pozik agertu da Jose Luis Navarro alkatea: “Obra hasi aurretik proiektuak eztabaida eragin arren, orain denek diote anbulategia baino gehiago, ospitalea daukagula Abadiñon”. Enrique Maiz Osakidatzeko ordezkariak esan duenez, “zerbitzua baldintza hobeetan eskaini ahal izango dute aurrerantzean profesionalek”.