Traña-Matienako Errota kultur etxean aurkeztuko dute, astelehenean, 19:00etan, herritarrek parte hartzeko udalak zabalduko duen Interneteko plataforma berria: www.abadinopartehartze.participacionvirtual.com helbidean atondu dute atari birtuala.
Gunearen helburua da, abadiñarrei herriari eragiten dioten gaiez eztabaidatzeko eta ekarpenak egiteko aukera eskaintzea, udaleko gobernu taldeak azaldu duenez: udalaren eta herritarren arteko komunikazioa erraztea. Berorren bitartez, galderak eta proposamenak egiteko aukera izango dute herritarrek, eta udaleko ordezkariek zein teknikariek erantzun egingo diete.
Gainera, herritarrek argazkiak zein 3Dko mapak baliatu ahal izango dituzte, besteak beste, euren eskariak egiteko. Herria eraikitzeko ardura, udalarena bakarrik ez, herritarrena ere badela dio gobernu taldeak: “Abadiño denon artean eraiki gura dugu”, azaldu dute Interneteko gune berria aurkezteko.