Eskola jantokietarako politika berri bat aldarrikatzen duen ekimenagaz bat egin du Abadiñoko Udalak. Iraunkortasun irizpideak oinarri dituzten jantoki kolektiboak bultzatzea eskatzen duen manifestuarekiko atxikimendua agertu dute udaleko hiru alderdiek.
Azken hamarkadetako eskola jantokietako elikadura politika kritikatzen du manifestu horrek: tokian tokiko ekoizleei zuzenean erosi beharrean, elikagaiak urrundik ekartzea. “Eredu horrekin”, dio manifestuak, “herritarrak urrundu egiten ditu lurretik, elikaduraren kulturatik eta tradizio gastronomikotik”.
Horren aurrean, eskola jantokietan, nekazaritza ekologikotik lorturiko sasoian sasoiko produktuak kontsumitzea eskatzen du Abadiñoko udalak babestu duen testuak.
Bestalde, Hezkuntza sailaz gainera, eskola jantokien kudeaketan Nekazaritza, Osasun, edota Ingurumen sailak parte hartu beharko lukeela aldarrikatzen du manifestuak: eskola jantokiko erabakiak sail arteko politikaren bitartez hartzea.
Ekimenaren bultzatzaileek aurreratu dute, legez besteko proiektu bat aurkeztuko dutela Eusko Jaurlaritzari eskari horiek egiteko.