Udaleko hiru alderdiek aho batez erabaki dute udalak Erralde hiltegia likidatzeko Abadiñoko Udalari dagokion 95.000 euroko aportazioa egitea.
Aulesti eta Ispasterko alkateekin batera Elkarte sozietatea desegiteko likidazio batzordean kudeatzeaile lanetan dihardu Jose Luis Navarro alkateak, eta atzoko udalbatzarrean azaldu zuenez, Erraldek abeltzainekin eta langileekin daukan zorre ordainduko dute ekarpen hauen bidez sozietatea osatzen duten 15 udalek. Guztira, 400.000 euro arteko ekarpenak egin dituzte udalek, eta martxoaren 4an entregatuko dute taloia notariotzan.
Abadiñoko Independienteak alderdiaren, Bilduren, eta EAJren adostasunagaz onartu zuten atzo, Erraldeko abeltzain eta langileekiko zorra kitatzera 95.000 euro bideratzea. Abadiñoko Udalaren 2013ko aurrekontua onartu barik dagoenez, diru ekarpen hori egin ahal izateko kreditu aldaketa ere egitea onartu zuten, atzoko plenoan, hiru alderdiek.
Aitor Azueta Bilduko bozeroaleak zein Eneko Etxaberria jeltzaleak ere, udalbatzarrean adosturikoa "irteerarik onena", "egin beharrekoa" dela azpimarratu zuten.
Erralde hiltegiaren sozietatearen likidazioari lotuta, hurrengo pausuen berri ere eman zuen Jose Luis Navarro alkateak, atzo: "Hiltegi berria Berrizen egiteko lursaila erosteko bankuekin hitzartutako kredituari buruzko batzarra egingo dugu ahal bezain laister, bankuekin".