Herritarrek euren lagunak izena ematera bultzatzea gura du horregaz Abadiñoko Udalak
Kiroldegiko erabiltzaile kopurua gehitzeko helburuagaz ipini du Abadiñoko Udalak deskontu kanpaina martxan. Horrela, otsailaren 24ra arte, 10 euroko deskontua egingo diete kiroldegiko ekintzaren batean izena emateko lagun bat ekartzen duten kiroldegiko erabiltzaileei.
Gobernu taldeak ohar batean jakitera eman duenez, ekainera arteko konpromisoa hartu beharko du, gutxienez, izena ematen duenak. Erabiltzaile berriei begirako eskaintza berezia ere egin du Abadiñoko Udalak: otsail eta martxoko kuota ordaindu beharrik ez dute izango erabiltzaile berriek, baina bai ordea apiriletik ekainera artekoa.
Udaleko gobernu taldeak azaldu duenez, gimnasioan izena ematen dutenei zein kiroldegiko bestelako ekimenetarako inskripzioa egiten dutenei dago zuzenduta kanpaina hau: pilates, gap, fit pilates, power pump, cardiobox, latin mix, spinning, aerodance, street dance, funky gazte eta strenching. Igerilekuko ikastaroetan dihardutenentzat ere 10 euroko deskontua jasotzen du kanpainak, baina ez ditu barnean hartzen igerilekuko abonuak eta igerian ikasteko oinarrizko ikastaroak. Udal kiroldegiko eskaintzaren berri ahalik eta herritar gehienek izan dezan ipini du, azaldu duenez, Abadiñoko Udalak ekimen hau martxan.