Durangaldeko kamioikada bete elikagai zapatuan abiatuko da Tindufeko kanpamentuetara (Aljeria).
Abadiñoko Udalak Astolan duen biltegian bigarren eskuko kamioia zain dago Tinduferako bidaiari ekiteko. Herria auzo elkarteko kideen ekimenez, Durangaldean batutako elikagai eta laguntza bertan bildu dute. Herriako Pedro Perikok eta Angel Longarte Gelak aurten ere badihardute atsedenik hartu barik, dena antolatzen.
Azken momentuan kamioiaren sabaian zuloren bat topatu dute eta konpontzeari ekin diote. Gasolindegira joan gura dute andela bete eta zapatu goizerako dena prest edukitzeko. Euskal Herriko Elkartasun Karabanagaz bat eginez, Durangaldeko laguntza zapatuan irtengo da Bilboko udaletxearen aurretik. Anjel Alejo atxondarrak gidatuko du kamioia Alacanteko portura arte. Itsasontzian sartu eta karabanak Oranerako bidea hartuko du.
Handik desertuan barneratu eta Tindufera helduko da. Alejok bidaia hau egiten duen bederatzigarren aldia da. “Atxondon zinegotzi nintzela hasi nintzen laguntzen, eta orain ere pozik dihardut”. Ez da kamioi gidari profesionala, baina. “Cemosan egiten dut lan, baina soldaduskan gidatzeko baimena atera nuenez, kamioia gidatzeko prest nago”. Berarekin batera Ramón Yébenes joango da laguntzaile. Gaua bidean egin eta domeka goizean kamioia Alacanten uzten dutenean, laguntzaileak gidatuko du itzulerarako hartutako autoa. Kamioia Tindufeko kanpamentuetan geratuko da. Hamaikagarren aldiz antolatu du karabana Herria auzo elkarteak.
Durangon abiatu zuten egitasmoa eta urteotan Durangaldeko gainerako herrietara zabaldu da. Herri saharauia 35 urtez deserriratuta bizi da Aljerian, Tindufeko kanpamentuetako desertu idorrean. Saharauien egoera larria da, nazioartetik geroago eta laguntza gutxiago bidaltzen diete-eta. Herria elkarteak dioenez, Euskal Herritik bidaltzen den laguntza geroago eta beharrezkoagoa da. Umeei harrera Uda partean, kanpamentuetan bizi diren umeak Durangaldeko familietan oporraldia pasatzeko kanpaina antolatzen du Herriak, bai eta Elorrioko Lajwad elkarteak ere.