Kutxabank-ek Txanporta plazan daukan bulegoa itxi egin zuten atzo hainbat lagunek, etxegabetzeen kontrako mezuak zeuzkan egur bategaz.
Atzo, San Blas egunez, Kutxabank-en kontrako ekintza egin zuten hainbat lagunek Abadiñon. Egur bat atean ipini eta iltzatu egin zuten, bulegoa itxiz. Ostean, eskuorriak banatu zituzten ekintzaren arrazoiak zabalduz. Euren ustez, PP eta EAJ ziria sartu nahian dabiltza: "Enplegu sorreraz eta ekonomiaren berpizteaz ari diren bitartean, Kutxabank pribatizatu nahi dute". Ekintzaileen arabera, horren atzean Kutxabank-en funtzio soziala desagerraraztea dago. Horrez gainera, beste hiru helburu ikusten dituzte pribatizazioaren atzean: "Tresna finantzarioa espekulatzaileei merkaldietan saltzeko, herriaren etorkizunagaz espekulatzeko eta etxegabetzeekin jarraitzeko".
Kutxabank-en funtzio soziala aldarrikatzen dute ekintzaileek: "Kutxabank herritarren behar sozioekonomikoen zerbitzura jarri beharra dago, eta ez PPk eta EAJk nahi duten bezala espekulatzaileen mesedetara".