Domeka izanik, eta iragarritako hotzari aurre eginez, hainbat bisitari espero dituzte gaur Abadiñon, San Blas egunez. Jose Luis Navarro alkateak azaldu duenez, "egoera ekonomikoak behartuta", aurten lehenengoz,ez dute eskoizleentzako saririk banatuko San Blas azokan. Parte hartuko duten erakusle eta saltzaile kopuruetan, aldiz, ez da murrizketarik egongo.
Ogia, barazkiak, txakolina, eztia, gazta... asktoraiko salgaiak eskainiko dituzte gaur Abadiñon batuko diren 72 ekoizleek. Txanporta kultur etxearen alboan, berriz, 30 artisaurentzako guneaatondu dute. Aurten ere Arbaso elkartearen laguntzagaz antolatu dute artisautza azoka. Tornosolo kalean landare haztegiek izango dute tokia -10 landare haztegi batuko dira- eta Gaztañodi inguruan, berriz, nekazaritzako makinen psotuek.
Lorra koperatibagaz batera antolatu du udalak San Blas azokako ganadu salerosketa, azken urteetan egin duen moduan: 78 abere izango dira salgai. Hala ere, salerosketarako karpaz gainera, ganadu erakusketarako gunea ere atondu dute: Abadiñoko sei abeltzainen ganadua izango da erakusketa horretan, besteak beste.
Hainbat ekitaldi
Egun osorako ekitaldi sorta antolatu du aurten ere Abadiñoko Udalak. Horretara, haurrentzako partidu eta jolasak, bertsolariak eta herri kirolak, izango dira gaur Abadiñon. San Blas 2013 Pilota Txapelketako finalak eskuz, jokatuko dira Tornosolo trinketean, eta, 18:00etan, erromeria ere egongo da Ferialeku plazan.
Idi-probak
Idi-demek ere ez dute hutsik egingo sanblasetan. Otsailaren 11 bitartean jardungo dute probalekuan. Aurten, baina, idi-probetako partaideei dietak kendu dizkiete, "lehiakortasuna bultzatzeko". Horrela azaldu izan du alkateak. Guztira 30 bikotek jardungo dute San Blas idi proba lehiaketan, iaz baino zortzi bikote gutxiago; partaide gehienak bizkaitarrak dira.