Ekoizleentzako saririk ez, San Blas azokan

Anboto 2013ko urt. 30a, 08:31

Erakusmahairik ederrena edo kalitate handieneko produktuak dauzkan saltzaileentzako saririk ez da egongo aurten, lehenengoz, San Blas Azokan. Parte hartuko duten erakusle eta saltzaile kopuruetan, aldiz, ez da murrizketarik egongo. Bisitari ugari espero dituzte, gainera, domekan baita aurten San Blas eguna

Erakusmahairik ederrena edo kalitate handieneko produktuak dauzkan saltzaileentzako saririk ez da egongo aurten, lehenengoz, San Blas Azokan. Parte hartuko duten erakusle eta saltzaile kopuruetan, aldiz, ez da murrizketarik egongo. Bisitari ugari espero dituzte, gainera, domekan baita aurten San Blas eguna.

 

Jose Luis Navarro alkatea eta BBKko Pilar Sanchez eta Oihana Zabala ordezkariak batu dira San Blas azokaren aurkezpenean. Erakunde bi horiek "azoka hau mantentzeko egiten duten lana" azpimarratu dute agerraldi horretan: "Zoritxarrez aurten azokako parte hartzaileendako saririk egongo ez den arren, azokak parte hartze altua mantenduko du, eta horrek erakusten du lehenengo sektorentzat zein herritarrentzat daukan garrantzia", esan du Abadiñoko alkateak.

 

Nekazal produktuak

Nekazal azokako erakusle kopuruak zein erakusmahaien kokapenak aurreko urteen antzekoak izango direla aurreratu dute antolatzaileek, eta azokan eskuragai izango diren nekazal produktuen aniztasuna azpimarratu dute: ogia, barazkiak, gazta, esnea, txakolia, eztia... askotariko salgaiak eskainiko dituzte 72 ekoizlek.

 

Arbaso elkartearen laguntzagaz antolatuko dute, aurten ere, artisautza azoka: Txanporta kultur etxearen ondoan atonduko dute 30 artisauren produktuentzako gunea.

 

Bestetik, Tornosolo kalean ipiniko dituzte 10 landare haztegik landare eta haziak salmentan, eta ohi bezala, Gaztañodi ingurua hartuko dute nekazal makineria postuek.

 

Ganadu azoka

Lorra kooperatibagaz elkarlanean antolatu du Abadiñoko udalak, azken urteetan bezala, San Blas azokako ganadu salerosketa: 78 abere izango dira, otsailaren 3an, Abadiñon salgai. Ohi bezala, gainera, salerosketarako karpaz gainera, erakusketarako gunea ere atonduko dute: Abadiñoko sei abeltzainen ganadua izango da erakusketa horretan, besteak beste.

 

Iaz eguraldiak ez zuen larregi lagundu San Blas azoka. Domekan eguraldia lagun izatea eta jende asko bertaratzea espero du Abadiñoko Udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!