Abadiño auzorik auzo ezagutzeko aukera eskainiko dute domekan

Anboto 2013ko urt. 24a, 08:32

Hamabost kilometroko ibilbidea prestatu du Gerediaga auzoko Hamabi Harri elkarteak; aurten zortzigarren aldia egingo du ibilaldiak, eta Salbadoreko ermitatik irtengo da domekan, 09:00etan

Hamabost kilometroko ibilbidea prestatu du Gerediaga auzoko Hamabi Harri elkarteak; aurten zortzigarren aldia egingo du ibilaldiak, eta Salbadoreko ermitatik irtengo da domekan, 09:00etan.

 

Birikak haize freskoz bete eta lagun giroan Abadiño tipi-tapa ezagutzeko aukera eskainiko du Gerediagako Hamabi Herri elkarteak domekan, ‘Auzorik auzo’ ibilaldiagaz. Aurten zortzigarren aldia egingo du ekimen honek, eta 15 kilometroko osteratxoa izango da: Mendiola, Gaztelua eta Zelaieta auzoetan zehar joango da, besteak beste. Iazkoan, adibidez, 200 lagun inguru batu ziren.

 

Domekan, 09:00etan hasiko dute ibilaldia, Gerediaga auzoko Salbadore ermitan. Aurretik, 08:45ean, sinatze ekitaldia egingo dute, eta parte-hartzaile guztien artean familia argazkia aterako dute. Salbadore ermitatik irten eta Ereña eta Erremoltxunetik San Faustora helduko dira. Handik Zelaietarantz hartuko dute, Zalloitzetik gora, Gazteluko ur depositora igotzeko. Bertatik, Abadiñoko kanposantura jaitsiko dira, eta Arrankurri aldera pasatu ostean, Artatik Santikurutzera joango dira lehenengo, eta Untzillara ondoren. Ibilbidea Txanporta plazan amaituko dute, 13:00 aldera, otordutxo bategaz.

 

Ibilbidean nobedade txikiak

Ibilbidea ia urteroko bera izango da, baina pare bat nobedade sartu dute: "Ibilbide berriak sortzea gaitza da, urtero leku berean irten eta amaitzen dugulako, baina saiatzen gara urterik urtera ibilbideari ukitu bat ematen, aldaketa txikien bidez", azaldu du Hamabi Harri elkarteko Jesus Mari Salterainek. Lehenengo nobedadea da Gaztelura Zalloitzetik igoko direla. Bide hori garbitu egin dute Gerediaga-Beasain errepideko lanengatik.

 

Beraz, erakundeetan baimena eskatuta, handixik igoko dira. Bigarren nobedadea da Untzillara joateko Mendilibarreko bidea hartuko dutela, Larringanerantz jo barik. Untzillako soziedadean salda banatuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!