Matienako aparkalekuaren proiektua alboratu dute

Anboto 2013ko urt. 18a, 10:35

Abadiñoko Independienteak jakitera eman duenez, 95 lagunek bakarrik adierazi dute Traña-Matienan eraiki gura zuten lurpeko aparkalekuan plaza bat eskuratzeko interesa. Proiektua momentuz albo batera uztera eraman du eskari falta horrek udala

Abadiñoko Independienteak jakitera eman duenez, 95 lagunek bakarrik adierazi dute Traña-Matienan eraiki gura zuten lurpeko aparkalekuan plaza bat eskuratzeko interesa. Proiektua momentuz albo batera uztera eraman du eskari falta horrek udala.

 

Traña-Matienan 260 aparkaleku eraikitzea zen hasierako proiektua, baina udalak irailean zabaldu zuen izen-ematean 95 herritarrek bakarrik adierazi dute aparkalekuetako bat eskuratzeko interesa. "Aparkalekuen erdia baino gehigo hutsik geratuko direla jakinda udalak ezin du eraikuntza lanetan hasi", dio gobernu taldeak.

 

Jose Luis Navarro alkateak esan duenez, "egoera ekonomikoa aldekoagoa denera arte, eta inbertsioak benetan errentagarritasun sozial handiagoa duenearte" atzeratuko dute proiektu hori martxan jartzea.

 

Hala ere, Navarro alkateak azpimarratu du, Matienan "egiazko arazo" dela aparkaleku falta, eta udalak beste irtenbide batzuen bila lanean jarraituko duela: "Kalean plaza gehiago zelan atondu aztertzen dihardugu, auzotarrek ordaindu beharrik izan ez dezaten modua bilatzen". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!