Azken 30 urteetan eskualdean egindako lan arkeologikoengatik Durangaldeko Teila saria jaso du Iñaki Garcia Caminok. Durangaldea Bizkaira batu zela 800 urte bete dira 2012 amaieran. Erdi Aroan bertoko bizimodua zelakoa zen jakiteko arrasto ugari aurkitu dituzte Momoition, Urkiolan, Gerediagan edo Argiñetan egindako lan arkeologikoek. Horietan izan da Camino ikerlaria, eta egindako lana aitortu gura izan dio Gerediagak.
Zelan jaso duzu saria?
Egindako lana aitortzea hunkigarria da, eta jarraitzeko gogoa ematen du. Oraindik asko dago ikertzeko eta ikasteko. Historiako karreran, prozesu historiko handiak ikasi genituen, baina ematen zuen hemen ez geneukala historiarik; Erdi Aroko Bizkaiari buruz ezer gutxi genekien. Nafarroari buruz gehiago dakigu, han erresuma zegoelako, baina Nafarroako edo Gaztelako lurralde periferikoak ez dira aipatu ere egiten. Durangaldeari buruzko idatzi apurrak monastegietan-eta agertu ziren, eta botere zentroei lotutakoak ziren; ez ziguten jende arruntari buruz berba egiten. Pertsona anonimoen bizimodua ikusteko bide bakarra arkeologia izan da.
Hogeita hamar urteko azterketen ostean, Erdi Aroko bizimoduari buruz datu asko jaso dituzue?
Ezagutza gehiago daukagu; Durangaldean bakarrik 60-80 aztarnategi dauzkagu, eta arrasto ugari ematen dituzte. Lehen uste zen Bizkaiko gizartea arkaikoa eta atzeratua zela garai haietan, ez zela Europako erritmo historikoetan integratu. Orain badakigu ez zela horrela; gizarte dinamikoa zen, zabala eta integratua. Bere hierarkia eta antolakuntza sozialak zituen.
Durangaldea Bizkaira duela 800 urte batu zen. Gaur egungo herriek ez dute garai hartakoen antzik izango...
VIII. eta IX. mendeetan herrixka batzuk zeuden, euren eliza eta kanposantuekin. Oraindik ez zuten herri edo parrokia egiturarik. Familia apur batzuk bizi ziren, eta lurretik bizirauteko baliabideak jasotzen zituzten. XI. mende amaieran sare parrokialak sortu ziren eta auzoetako batzuk prestigioa lortu zuten. Momoitio, Mendraka, Argiñeta, Andikoa, Miota, Zengotita... Horiek guztiak ordutik hona mantendu dira. Abadiñoko erdiguneak, Etxebarriako San Agustinek... auzoak bereganatu eta indarra hartu zuten. Herriguneak geroago sortu ziren, Bizkaiko Jaunaren erabakiagaz. Adibidez, Durangoren kasuan, bidegurutze garrantzitsu batean herria egitea erabaki zuen.
Bizkaiagaz bat egiteak zelako eragina izan zuen Durangaldeko herritarrengan?
Ia igarri ere ez zuten egingo. Erdi Aroko sistema politikoak ez zeukan oraingoagaz zerikusirik. Inoiz esan izan da Nafarroako Erreinua demokratikoa izan zela, baina kontzeptu horiek XIX. mendekoak dira. Politika errege eta jaunen artean egiten zen; euren arteko harreman pertsonalak ziren. Nekazaritza herria hortik kanpo geratzen zen. Gerra eta ezkontzekin egiten zen politika orduan, eta norbanakoen erabakiak ziren. Kasu honetan, Alfontso VIII.a eta Lopez de Harorena.
Orain Argiñetan zabiltzate indusketetan. Laster laborategiko lana hasiko da. Zer nabarmenduko zenuke han aurkitutakotik?
Argiñetan garrantzitsuena bizileku baten beharrean gabiltzala da. Orain arteko lan gehienak nekropoli eta elizen gainekoak izan dira. Ez genekien bizilekuak zelakoak ziren, hein handi batean, ez geneukalako baliabiderik. Etxebizitzak material galkorrekin egin zituztenez, zuloak eta aztarna txikiak baino ez daude. Etxeen errautsak, zuhaitz erre batzuk, enbor usteldu bat... Karbono 14aren proba egin eta noizkoak diren ikusi behar dugu. Eraikinen egurra zein zen ikusi gura dugu eraikuntza teknikak ulertzeko, eta lurreko polen arrastoak aztertuko ditugu paisaia begetala zelakoa zen eta zer ereiten zuten jakiteko. Normalean, indusketez berba egiten denean, harresi aztarnak etortzen zaizkigu burura, baina honek ez dauka zerikusirik.
Durangaldean urteotan egindako beharretatik zein izan da bereziena zuretzat?
Momoitiokoa. Lehenengoetakoa izan zelako, baina baita, ordura arte genituen paradigmak aldatu zituelako ere. Erdi Aroko gizartea primitiboa, erdi nomada eta abeltzaina zela uste zen. Momoition ikusi genuen ez zela horrela; biztanleak leku batean egonkortuta zeuden, eta materialak ez ziren hain xume eta sinpleak teknologikoki. Interesgarria izan zen lurperatze mota berezi bat aurkitzea. Oizen iparraldean eta hegoaldean, Oizko harrobietatik hartutako harriagaz hilobiak egiten zituzten, eta buruaren alturan zuloa zeukaten. Harri horren gainean errituak egiten ziren eta sua pizten zuten. Su horren errautsak hilobiaren zulotik sartzen ziren. Ikusi da Oiz inguruan unitate kultural bat zegoela; mendiak jendea banatu beharrean, batu egiten zuen.
Azken 30 urteetan eskualdean egindako lan arkeologikoengatik Durangaldeko Teila saria jaso du Iñaki Garcia Caminok. Durangaldea Bizkaira batu zela 800 urte bete dira 2012 amaieran. Erdi Aroan bertoko bizimodua zelakoa zen jakiteko arrasto ugari aurkitu dituzte Momoition, Urkiolan, Gerediagan edo Argiñetan egindako lan arkeologikoek. Horietan izan da Camino ikerlaria, eta egindako lana aitortu gura izan dio Gerediagak.