Jose Luis Navarro alkateak dio zenbait auzokidek Arartekora, Foru Aldundira eta Udalera jo dutela Topagunea euskara elkarteak sortutako "eragozpenengaitik", eta Topaguneak egoitza herrian mantendu zezan "egin zitekeen guztia" egin dutela. Udalak, Topaguneak eta lokalaren jabe den higiezinen agentziak ituna sinatu zuten azken hamar urtean egoitza izan dutena erabiltzeko, prezio sinboliko baten ordainean.
Muntsaratz auzoan izan du egoitza 2001etik Topaguneak. Helarazitako ohar baten bitartez, Abadiñoko alkateak azaldu du , "intsonorizatu gabeko" lokal horretan federazioak bere jardunean eragindako "zaratengatik", goiko etxebizitzako bizilagunek salaketa jarri dutela udalean, foru aldundian eta Arartekoan. Akordio batera hel zitezen, bi aldeen artean bitartekari lanak ere egin dituela dio Navarrok: "Correos-eko eraikin zaharrean behin-behineko lokal bat ere eskaini genien, baina, ez zuten onartu txikia zelako".
Urrian amaitzen zen udalak, Topaguneak eta lokalaren jabe den higiezinen agentziak adostutako ituna, eta, azken horrek alokamendu-kontratua luzatzeko asmorik ez zuela iragarri zuen Abadiñoko alkateak arrazoitu duenez. "Alokamendu-kontratua 2012ko abenduaren 31ra arte luzatzea ere lortu genuen, eta, udal teknikariak ere joan izan dira Topagunearen egoitzara zarata jaisteko irtenbideak bilatzen laguntzera".
Bitarte horretan, "bizilagunek federazioak antolatutako jarduerek sortutako zaratak salatzen jarraitu zuten", dio Navarrok. Udalean, aldundian eta Arartekoan udal-araudia ez betetzeagatik "hainbat eskari" aurkeztuz. Ondorioz, Topagunearen jarduerari buruzko espedientea zabaltzea agindu zuen alkatetzak eta Topaguneak bere egoera "ordenatu beharra zuela" ondorioztatu zuten: "Zaratak edota herritargoari sortu ahal zaizkien trabak ekiditzeko beharrezko neurri zuzentzaileak hartzea. Bestela euren jarduna eten beharko zutela iragarriz".
Topaguneak bere jarduera herrian manten zezan "eskura izan duen guztia egin du" alkateak eta Abadiñoko Independienteak taldeak, helarazitako oharrean nabarmendu dutenez: "Hala ere, araudia berdina da kolektibo guztientzat eta desberdinketarik egin gabe betearazi behar dugu, bestela irregulartasun larriak egiten egongo ginateke".