Udaleko lanpostuen zerrenda onartu dute

Anboto 2012ko abe. 19a, 16:43

1995etik eguneratu barik zeukaten udaleko lanpostuen zerrenda. Abadiñoko Independienteak taldearen eta EAJren aldeko bozkekin onartu dute 50 lanpostu barne hartzen dituen zerrenda

1995etik eguneratu barik zeukaten udaleko lanpostuen zerrenda. Abadiñoko Independienteak taldearen eta EAJren aldeko bozkekin onartu dute 50 lanpostu barne hartzen dituen zerrenda.

 

Gobernu taldeak azaldu duenez, 50 lanpostu horietatik 33 daude, gaur egun, beteta; 7 lanpostutan behin behineko kontratua daukate; mugabako kontratua 8k; eta bete barik daude beste lanpostu bi.

 

Zerrenda berriagaz, "udalako bitarteko langileen kopurua gutxitzea" dute helburu, Jose Luis Navarro alkateak azaldu duenez: "Nahiz eta une honetan Madrilgo gobernuaren dekretu batek debekatu egiten duen lanpostuak betetzea, zerrenda berriari esker lanpostu berriak sortzeko eta bitartekotasuna gutxitzeko aukera izango dugu, posible izango du hautaketa prozesuak legeak baimendu bezain laister martxan jartzea".

 

"Udaleko lanpostuen zerrenda berriztea urrats garrantzitsua da, baina ez da nahikoa", adierazi zuen, aldiz, Aitor Azueta Bilduko bozeroaleak. Enplegu plan egiteko beharra dagoela azpimarratu zuen Azuetak. "Publikoak izan behar liratekeen hainbat lanpostu faltan botatzen ditugu zerrenda horretan, eta beti agertu dugu zerbitzu publikoak azpikontratatzearen kontra gaudela", esan zuen Azuetak: "Udala ez da enpresa pribatu bat: lanpostu publikoak bultzatu behar ditu, eta azpikontratatutiko zerbitzuak lanpostuen zerrendan sartu arte ezin dugu zerrenda hau onartu". Proposamenaren kontra bozkatu zuten Bilduko zinegotziek.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!