Prezio tasatuko etxebizitzen ezaugarriak arautzeko

Anboto 2012ko abe. 19a, 13:40

Abadiñoko Independienteak taldeko gobernuak eta EAJk bozkatu zuten atzoko udalbatzarrean prezio tasatuko etxebizitzen ordenantza berriaren alde. Kontra bozkatu zuen Bilduk

Abadiñoko Independienteak taldeko gobernuak eta EAJk bozkatu zuten atzoko udalbatzarrean prezio tasatuko etxebizitzen ordenantza berriaren alde. Kontra bozkatu zuen Bilduk.

 

Ordenantza onartu eta gero Abadiñoko Independienteak taldeko gobernuak azpimarratu duenez, ordenantza berriaren arabera esleituko dituzte prezio tasatuko Abadiñoko lehenengo etxebizitzak: Carbureibar inguruan eraikiko ditu promotore pribatu batek 20 etxebizitza horiek. Bi edo hiru logelako 68 eta 85 metro karratu arteko extebizitzak  eraikiko dituzte.

 

Gobernu taldeak ohar batean jakinarazi duenez, otsailaren 1era arte eman daiteke zozketan parte hartzeko izena. Traña Errota kaleko inmobiliariaren bulegoan eman behar da izena.

 

Ordenantza berriak zehazten duenez, Abadiñon erroldatuta gutxienez urtebete daramatenek izango dute etxebizitza horiek eskuratzeko lehentasuna. Zozketan, gutxienez 12.000 eta gehienez 50.000 euroko diru-sarrerak dituzten herritarrek hartu ahalko dute parte. Gobernu taldeak adierazi duenez, babeseko etxebizitza izendapena mantenduko dute etxebizitza horiek beti: ezingo dira merkatu librean salerosi.

 

Etxebizitza politika eztabaidagai

"Ordenantza honek minimoak baino ez ditu zehazten", kritikatu zuen Saioa Zuazubizkar Bilduko zinegotziak. Ordenantza honen bitartez bere Abadiñoko Udalak bere etxebizitza politika finkatu behar lukeela azpimarratu zuen Bilduk. AI eta EAJren aldeko botuekin onarturiko ordenantza honek, aldiz, e"txebizitza politika udalak eta promotoreek adosturiko hitzarmenen arabera" uzten duela kritikatu zuen Zuazubizkarrek. Udalak alokairua bultzatzeko politikak ordenantza honen bitartez erregulatu behar lituzkeela ere uste du Bilduk.

 

Gaur egun "gauzak dauden bezala Udalak ezin du alokairuko etxebizitza promoziorik bultzatu", erantzun zuen Jose Luis Navarro alkateak, eta "errealista" izan beharra dagoela nabarmendu. Onarturikoa "oinarrizko ordenantza" dela, eta promozio bakoitzaren baldintzak banaka negoziatuko dituztela azpimarratu zuen Eneko Etxebarria EAJ bozeroaleak.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!