Herrira plataformaren ingurura batuta, hainbat herritarren ekarpenetatik eratu dute Elkartasun asteburua, Abadiñon. Abenduaren 14tik 16rako egitarau anitza osatu dute herritarren ekarpenekin.
Abenduaren 15ean Traña-Matienako frontoian burutuko duten herri bazkaria izango da ekimen zentraletako bat. Xirimiri, Larrano, Maitena, Meson, Doherty’s eta Kali tabernetan, eta Batzokian eta Jubilatuenean daude bazkarirako txartelak salgai.
Abenduaren 14an, Mesoi aurrean mural bat margotuz ekingo diote Elkartasun asteburuari, eta bertso saio erakargarria antolatu dute gauerako. Peru Magdalenak jarritako gaien inguruan kantatuko dute Zelaietako probalekuan, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Bizkarra, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariek.
Zapatuan, aldiz, futbito txapelketaren finalagaz hasiko dute eguna, eta besteak beste, umeentzako jolasak, kalejira, dantza saioa, trikipoteoa eta kontzertuak izango dituzte.
Ardi txakurren eta Quad motorren erakustaldia egingo dute, Kiosko plazan, domeka eguerdian, eta pilota partidekin itxiko dute egitaraua. Mikel Goñi eta Asier Aspuruk Egoitz Amantegi eta Ander Antxiaren kontra jokatuko dute, 17:00etan, Matienako frontoian.