Zerga eta tasa gehienak daudenean uztea onartu du Abadiñoko Udalak. Abadiñoko Independienteak taldearen eta EAJren aldeko botuagaz, eta Bilduren abestentzioagaz egin zuen proposamenak aurrera.
Jose Luis Navarro alkateak atzoko udalbatzarrean azaldu zuenez, "herritarren gaineko presio fiskala ez handitzea" izan da 2013 urterako zerga eta tasak finkatzerakoan gobernu taldeak izan duen helburua. Horrela, daudenean utziko dituzte zerga eta tasa gehienak. Salbuespen bi egingo dituzte: ibilgailuen zerga %3 eta igerilekuko tasa %2,9 igoko dute.
Bestalde, eta udaleko hiru alderdien adostasunagaz, zaborren tasa aurrerago ezartzea onartu dute. Azaldu dutenez, Ogasun batzordean eztabaidatuko dute zelan aplikatu zerga hori progresiboki: komertzio eta enpresek zaborren tasa euren negozioen metro koadroen arabera ordaintzeko modua bilatu gura dute.
Aitor Azueta Bilduko zinegotziak "zaborren tasaren kasuan progresibotasuna aplikatzeari ondo deritzogu", esan zuen, baina zerga eta tasak zeren arabera igo edo mantendu behar diren irizpide landuagoak egon behar liratekeela azpimarratu zuen.
Bankuei kanona
Toño Serrano Ogasuneko zinegotziak azpimarratu duenez, "krisi bortiz egoera honetan, herritarren gaineko presio fiskala ez gehitzeko asmoz", bestalde, bankuei kanon bat kobratuko die udalak, lehenengoz. Azaldu dutenez, 152 euro ordaindu beharko dituzte kutxazainak kalean edukitzearren, bankuek.