Urkiolara hurreratzeko aukera ematen duen ibilbidea

Anboto 2012ko aza. 18a, 08:30

Mendi bizikletaz egiteko ibilbide honek Urkiolako Parke Naturala dauka erreferentzia legez. Asti gutxi edukiz gero oso aproposa da.

Mendi bizikletaz egiteko ibilbide honek Urkiolako Parke Naturala dauka erreferentzia legez. Asti gutxi edukiz gero oso aproposa da.

 

Buelta handi bat egiteko denborarik eduki ezean, ibilbide egokia da Urkiola ingurutik doan hau. Ordu bi eta erdiko iraupena dauka, eta Urkiolako Parke Naturala erreferentzia legez daukan arren, beheko zonaldeetatik eroango ditu bizikletariak. Durangoko Andra Mari basilikatik irtenez gero, esaterako, Tabira aldera jo beharko da lehenengo. Abadiñorantza joan eta auzoetatik Mendiolara ailegatzea izango da hurrengo pausoa. Hortik, Atxarterako norabidean joatea eskatzen du ibilbideak.

 

Atxartetik gorantza egin behar dute gero txirrindulariek. Aldats gogorrak egongo dira metro horietan. Asuntze edo Pol-Polerako norabidea beharrean, Txakurzulorakoa hartu behar da ostean. Paisaje ederrak eskainiko ditu, uneoro, ibilbideak. Adibidez, Anboto, Alluitz eta Astxiki mendien magaletik ibilita ikuspuntu berriak ezagutu ahal izango ditu bizikletariak.

 

Txakurzulotik behera

Txakurzulora ailegatzean, BI-623 errepidean sartu eta Mañarirantza joatea geratuko da. Errepideaz gainera, landetatik joateko aukera ere egongo da une batzuetan. Mañaritik Izurtzara jarraitu eta Durangora heltzeko gutxi faltako da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!