Inyectametalen enplegu erregulazio eskaria "bidegabe" jo du epaitegiak

Anboto 2012ko aza. 14a, 08:20

Bilboko Lan Arloko epaitegiak \"bidegabe\" jo du CIE Inyectametal enpresak apirilean eskatu zuen, eta 246 langileri eragingo lieken enplegu erregulazio espedientea. ELA sindikatuak enpresaren eskariari aurkezturiko helegitea onartu egin du epaileak

Bilboko Lan Arloko epaitegiak "bidegabe" jo du CIE Inyectametal enpresak apirilean eskatu zuen, eta 246 langileri eragingo lieken enplegu erregulazio espedientea. ELA sindikatuak enpresaren eskariari aurkezturiko helegitea onartu egin du epaileak.

 

Besteak beste, enpresak kontsulta epean "fede txarrez" jokatu zuela esaten du sententziak: Lan Agintaritzak arduradunei eskatutako dokumentazioa epez kanpo eman zuela enpresaren zuzendaritzak. Enpresak "akordio batera heltzeko asmorik ez" duela erakutsi ere esaten du sententziak.

 

Enpresak eskatu zuen enplegu erregulazio espedientea abiatzea justifikatzen duen arrazoirik ez dagoela, dio, beraz, epaiak: ekoizpenari begiratuta ez dagoela espediente horri bide emateko beharrik, eta enpresaren galerak iaztik hona gutxitu egin direla dio epaileak.

 

Lan Epaitegiaren sententzia horri errekurkurtsoa aurkeztuko diola jakinarazi du, CIE Inyectametal enpresaren zuzendaritzak.

 

Aurrekariak

Langileen ordezkaritzagaz adostu zuen 2009an enpresak enplegu erregulazio espediente bat. ELA sindikatuak azaldu duenez, Lan Erreforma berria oinarri hartuta, "240 orduko malgutasuna" ezarri gura izan du enpresak bigarren enplegu erregulazio espediente hau eskatuz, baina epaitegiaren gaitzespena jaso du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!