Navarro: "Inguru hori berreskuratzeko hau bezalako beste aukerarik ez dugu izango"

Anboto 2012ko aza. 8a, 12:30
Udaleko Jasangarritasun batzordean Atxarteko harrobirako proiektua eztabaidatu duten aldi guztietako aktak eta Adif-en proiektuaren lau tomoak hartuta agerraldia egin du, Jose Luis Navarro alkateak

Udaleko Jasangarritasun batzordean Atxarteko harrobirako proiektua eztabaidatu duten aldi guztietako aktak eta Adif-en proiektuaren lau tomoak hartuta agerraldia egin du, Jose Luis Navarro alkateak.

 

Abiadura Handiko Trenaren hondakinak Atxarte eta Atxa Txikiko harrobietara eroateko proiektua bertan behera uzteko gobernu taldearen arrazoiak azaldu ditu, Jose Luis Navarro alkateak. Hamazazpi urte itxita daramatzan eta "egoera negargarrian" dagoen Atxarteko inguru hori konpontzeko "urrezko aukera" legez ikusten du Abadiñoko Independienteak taldeak Adif-en proiektua, baina oposizioa kontra duela ez du egitasmoagaz aurrera jarraituko. “EAJ eta Bilduk ez dute obrari buruzko ezelako adostasunik lortzeko borondaterik adierazi”, kritikatu du Navarrok.

 

Jeltzaleen “jarrera aldaketa” ez duela ulertzen esan du alkateak: “Gaiaz berba egin dugun batzorde guztietan ez dute proiektuaren kontra daudenik adierazi: azkenengo batzordera arte ez dute esan proiektua gogoko ez dutenik”. Adif-ek aurkeztu duen proiektuak Eusko Jaurlaritzaren oniritzia zeukala azpinarratu du alkateak.

 

“Ingurugiro, gizarte eta ekonomia ikuspuntutik kalte handia ekarriko du oposizioak Atxarteko harrobien berreskuratze proiektua geldiarazi izanak”, dio Jose Luis Navarrok: “Trena behin baino ez da pasatzen geltoki honetatik, eta guk joaten utzi dugu”. Alkatearen berbetan, udalak ez du hau bezalako beste aukera bat izango “egoera negargarrian dagoen inguru hau berreskuratzeko”. Atxarteko harrobia berreskuratzeak udalarentzat hiru milio euroko kostua lukeela dio Jose Luis Navarrok, eta ezinezkoa izango dela udalarentzat inbertsio hori burutzea. 

 

Zer esan ugari sortu du azken urtean Atxarterako egitasmo horrek. Aralarrek "ingurumen bermeak" betetzea eskatu zuen Eusko Legebiltzarrean martxoan. Aurretik, Abadiñoko Bilduk udalbatzarrera eroan zuen egitasmoa. Durangaldeko Bilduk eta AHT Gelditu Elkarlanak "hondakindegi erraldoia" jarri gura zutela salatu zuten, helegitea aurkeztuko zutela iragarriz. Uztailean hori geldiaraztea eskatu zuen Durangaldean EHBilduk. Uztailean ere bai Legebiltzarrera eroan zuen berreskurapen egitasmo hori Dani Maeztuk, orduan  Aralarreko legebiltzarkide.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!