Untzillaitzen magalean, hamaika toki interesgarri gordetzen ditu Mendiolak

Anboto 2012ko aza. 4a, 08:00
Abadiñoko Mendiola auzoan 1723an eraikitako haize errota bisitatu daiteke, besteak beste; urte hartan Bizkaian sikateari aurre egiteko eraikitako bost haize errotetako bat da Mendiolakoa

Abadiñoko Mendiola auzoan 1723an eraikitako haize errota bisitatu daiteke, besteak beste;
urte hartan Bizkaian sikateari aurre egiteko eraikitako bost haize errotetako bat da Mendiolakoa.

 

Abadiñoko Mendiola auzoa Untzillaitz mendiaren magalean kokatuta dago.   Auzoak hainbat interesgune ditu, oinezko ibilaldi baten bidez ezagutu daitezkeenak: Larringaneko haize errota eta sasoi bateko auzo eskola, besteak beste.

 

Abadiñoko San Vicente fabrikan gora dagoen bide erromatarrak Mendiolarako norabidean ipiniko du ibiltaria. Asfaltoko bidera heltzean, eskumarantza hartu eta ehundaka metro batzuk aurrera eginda Olondo edaritegira helduko da. Atzealdean pilotaleku librea eta sasoi bateko auzo eskola aurkitu daitezke, gaur egun Errekatxo auzo elkartekoek elkartzeko erabiltzen dutena.

 

Auzo elkartearen parean bidea bitan banatzen da. Eskuma aldetik gorantz joanda, metro gutxira eta muino baten gainean, XVI. mendean eraikitako San Kristobal ermita dago. Uztaileko jaietan meza egoten da bertan eta udaberritik aurrera baita hainbat ezkontza ere. Bide beretik aurrera eginda Larringaneko haize errotara helduko da ibiltaria. Gaur egun ez du helizerik, baina dorre itxura ematen dion harrizko egitura osoa egoera onean kontserbatzen da. Zortzi metroko garaiera duen haize errota 1723an eraiki zuten. Bizkaian urte hartan sikate handia bizi izan zuten, eta bost haize errota eraiki zituzten. Horietako bat da Mendiolan aurkitu daitekeena.
Errekatxo auzo elkartera jaitsi eta oraingoan ezkerreko bidea hartuta, Mendiola auzunera zuzenduko da ibiltaria. Errenazimendu sasoiko baserri multzo interesgarria aurki daiteke auzune horretan. Hango baserrien hegaletako edo atzealdeko arkuek garbi erakusten dute errenazimendu sasoiko estiloa.

 

Olondo edaritegitik aurrera joanda, Sagasta auzorako bidegurutzea atzean utzi eta ez dira urrun geratzen Atxarte inguruak. Sasoi bateko harrobietatik gertu, Euskal Herriko eskalada gune ezagunenetakoa dago hango harkaitzetan.

 

Adituentzako zein hasiberrientzako, zailtasun maila askotako eskalada bideak irekita daude eta bideak ondo aukeratzean dago gakoa. Inguru hartan dago Bolinkoba ere, bere sasoian Joxe Migel Barandiaran antropologoak ikertu zuena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!