Abiadura Handiko Trenaren hondakinak Atxarte eta Atxa Txikiko harrobietara eroateko proiektua bertan behera utzi du Abadiñoko Independienteak alderdiak. Jose Luis Navarro alkateak azaldu duenez, Bilduren eta EAJren babes barik ez doa proiektuagaz aurrera egitera.
Independienteek proiektua AHTaren hondakinak Atxarte eta Atxa Txiki harrobi abandonatuak berreskuratzeko plan baten barruan kokatu zuten. Udalaitzetik Elorriora arteko obretan sortutako soberakinak Atxartera eraman gura zituen Adif enpresak, eta Abadiñoko udal gobernua (Abadiñoko Independienteak alderdiak osatua) ados egon da orain arte. Bilduk eta EAJk bat egin dute plan horrek zabortegi bat eraikitzeko asmoa ezkutatzen duela iritzita.
Proiektuan ingurumen eraginaren azterketa egitea beharrezkoa irizten dio bai Bilduk eta baita EAJk ere. Harrobien beste berreskuratze plan bat posible dela diote Bilduren zinegotzi Aitor Asuetak eta Eneko Etxebarria zinegotzi jeltzaleak. Oposizioko bi alderdiok proiektuaren inguruko mozio bat adosten ari zirenean ezagutu dute Independienteek hartutako erabakia.
Navarrok harrobia berreskuratzeko "urrezko aukera" zela azaldu du behin baino gehiagotan. Oraindik ere, iritzi hori duela dioen arren, oposizioaren babes barik ez duela aurrera egingo azaldu du.
Eneko Etxebarriaren berbetan, gobernu taldeak Adifekin batera plan hau arin eta kontrol barik egin gura izan du: "Bildurekin birritan batzartu eta gero, hau ez dela gure proiektua transmititu genion alkateari". Aitor Asuetak pozik hartu du gobernu taldearen erabakia. Hala ere, Independienteak alderdiak hasieratik izan duen jarrera kritikatu du: "Betiko jarreragaz proiektua martxan jarri eta abiadura eman dio horrela geldiaraztea zailagoa delako. Sortu den alarma soziala hasieratik ekidin zitekeen".
Mendiolako auzokideek hedabideetan izan dute Atxarteko proiektuaren berri. proiektua bertan behera gelditu dela-eta Jose Luis Agirrek ez zekiela ezer adierazi du. Mendiolako auzo elkarteko kidea da. “Ez dut jakin proiektua bertan behera gelditu denik. Oraingoan ere hedabideek esandakoa da dakidana”. Hala ere, albistea “pozik” hartu du Agirrek: “Albiste ona da guretzat. Ea oraingoan bakean uzten gaituzten”. |