Anboto mendiaren bueltan, ibilbide gogor baina ederra

Anboto 2012ko urr. 28a, 08:18

Urkiolako Parke Naturaletik barrena, Anboto mendi mitikoa inguratzeko aukera dago ibilbide honegaz. Bizikletaz, hiru ordutik gorakoa da

Urkiolako Parke Naturaletik barrena, Anboto mendi mitikoa inguratzeko aukera dago ibilbide honegaz. Bizikletaz, hiru ordutik gorakoa da.

 

Durangotik irtenda Abadiñoko Mendiola auzora ailegatzea izango da ibilbide honetako lehenengo eginbeharra. Handik Sagastara segitu eta Atxarteko harrobietara joan behar da gero. Pol-Pol edo Asuntzera eroaten duen bidea ezkerretara utzi eta Txakurzulo ingururantza joko du ziklistak. Hortik Urkiola gainera igo, eta Pol-Polerako bidea hartu behar da gero. Anboto mendikatea ezkerretara edukita, Zabalandi izango da hurrengo geltokia.

 

Zabalandiko zelaia hogeigarren kilometroagaz batera  agertuko da. Hortik jaitsiera  luzea hasiko da Betsaideraino. Handik zazpi kilometrora dago mendia,  Bizkaia, Araba eta Gipuzkoaren erdigunean.

 

Betsaide leku ona da mokadutxoa jan eta atseden apur bat hartzeko. Berriro ere bizikleta gainean jarri, eta Durangorako bidea hartuko du txirrindulariak. Elorriora beharrean, Atxondora jaitsiko da, norabide horretarako pista hartuta. Herrigunera helduta, BI-632 errepidea hartzea izango da azkeneko pausoa.

 

Anboto izango da bide honen erreferentzia, ibilbidearen erdigunean kokatuta dagoelako. Mendia inguratzen da, eta uneoro paisaje ederrak ikusteko aukera eskaintzen du bideak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!