Zapatutik domekarako gauean sartu ziren lapurrak Abadiñoko Hiper Eroski supermerkatuan. Oraindik ez dute lapurretaren kosturik kalkulatu, baina “milaka eurotakoa” izango dela azaldu dute Eroskiko ordezkariek.
Lapurrak teilatutik sartu ziren. Soketatik zintzilik jaitsi ziren teilatutik lurrera eta toki beretik atera zituzten ostutako produktuak eta gailuak. Eroskiko iturriek azaldu dutenez, supermerkatuko kameretan ikusten da lapurreta; hainbat lagun zirela diote eta aurpegiak estalita zituztela. Ertzaintzak gertatutakoaren informea jaso du eta kameretako grabazioa euren esku utziko dutela adierazi dute.
Batez ere gailu elektronikoak eta informatikoak (telebistak, ordenagailuak, tablet-ak, argazki kamera digitalak…) eta produktu kosmetikoak (perfumeak, kremak…) eraman zituzten. Merkatuan errezen saltzen diren produktuak direlako ostu zituztela susmatzen dute.
Lapurreta gertatu zenetik inbentarioa egiten ari dira, lapurretaren zenbatekoa jakiteko. Produktu kosmetikoen arloan, denbora eskatzen duen lana dela diote. Horregatik, Eroskiko arduradunek ez dute lapurretaren zenbateko zehatz bat eman, baina “milaka eurotakoa” izango dela aurreratu dute.
Kosmetika arloko produktu batzuk oraindik ezin izan dituzte berriro salgai ipini. Eskaera egin dute, baina seguruenik datorren astera arte ez dira helduko.