Ia atsedenik hartu barik, berbaldirik berbaldi ibili da asteon Paco Cascón irakaslea. Gatazkan eta gatazkarako hezten bere proiektua azaldu die Durangaldeko hainbat irakasle eta gurasori. Irakasle kataluniarra Zelaietako eskolako arduradunen bidez etorri da eskolara bertara eta Berritzegunera.
Gatazkekin bizitzen ikasteko beharrizanaz egin duzu berba hitzaldietan.
Gatazkak ez dira gauza txar bat. Askorentzako arraroa izaten da hori entzutea, baina Gatazkan eta gatazkarako hezten proiektuaren oinarria hori da; gatazkak gizakiongan berezkoak dira, pertsona batzuk elkartzen garenean gatazkak sortzen dira. Saihestu genezakeena, eta hain berezkoa ez dena da gatazkek eragiten duten indarkeria. Ikasi behar dugu gatazkak onartzen, aztertzen eta modu baikorrean aurre egiten. Modu horretan bideratu ezean, indarkeria bihurtzen dira. Askotan ukatu egiten ditugu, ez ditugu gatazkak ikusi gura, eta ez diegu aurre egiten; orduan indarkeria sortzen da. Arlo guztietan gertatzen da hori, eta eskolan ere bai. Umeak bata besteari izenez baino mespretxuzko ezizenez berba egitean, adibidez. Horretaz konturatzen ez bazara, denboragaz indarkeria eta abusu bihurtu ahal da.
Gatazkak detektatzea gaitza da orduan?
Gatazka gauza txarra dela pentsatzea da lehenengo oztopoa. Horrela ikusita saihestu egin gurako dugu, eta ez gara egongo gatazkara zabalik, gatazka gainditzeko jarrera egokiagaz. Gatazka indarkeriazko ekintza bakanak direla pentsatzen badugu, ezingo dugu aztertu, gatazkaren eztanda biolentoari bakarrik erantzungo diogulako. Ume batek mundu guztia jotzen badu, zer egingo dugu, jotzen duen bakoitzean erantzun? Horrela ez dugu arazoa konponduko. Jotzea gatazkaren adierazpena dela konturatu behar gara. Zer dago atzean? Auteostimu arazo bat izan dezake, besteekin harremanetan kolpeka ibiltzeko. Argi eduki behar dugu gatazka prozesu bat dela, eta prozesu horren hasieran dauden arrazoiak bilatu behar ditugula.
Gatazken ondorioak lantzen dira orduan, arrazoietara jo beharrean?
Sintometara jotzen da. Gatazka bat lantzeko ezin da eztanda egin arte itxaron, orduantxe da momenturik txarrena. Ondorio batzuk jada konponezinak izan daitezke, ez da behar beste denbora eta lasaitasun egoten, komunikazio bideak apurtu diren momentua da... Ez dezagun itxaron. Ikasturtearen lehenengo egunetik lanean hasi behar dugu, taldea sortu eta kohesio giroa lantzeko, taldetik kanpo inor sentitu ez dadin. Landu beharko ditugu komunikazioa, afektua, elkar ezagutzea, harreman kooperatiboak, elkarrizketak, entzuten ikastea... Hori landuta, giro lasai eta atseginean hobeto ikasten da eta indarkeria kasuak ematea gaitzagoa da. Taldea batuta ez dagoenean, errazagoa da erasoak egotea. Ez da horretarako espaziorik utzi behar.
Horrelako gatazketan, erasotzaileagaz eta erasotuagaz lan egin ohi da.
Bai, eta hori egin behar da, baina gela guztiagaz ere lan egin behar da. Eurek irakasleak baino arinago jakiten dute zer gertatzen den, eta isilik egoten dira. Konplize bihurtzen dira, eta konplize izan daitezke baita indarkeria bako giroa sortzeko ere. Taldea batuta badago, bakarrik inor ez geratzeko lan egingo du. Horretarako ikasturteko lehen egunetan taldea sortzen ibiltzea garrantzitsua da.
Zer tresna proposatzen dituzu gatazkak gainditzeko?
Hainbat daude: negoziazio mahaiak, bitartekari taldeak... Negoziazio mahaietan aulki bi jartzen dira parez pare; batean belarri bat dago eta bestean aho bat. Umeak jesartzen dira, eta belarriaren lekuan dagoenak entzun egiten du, eta besteak kontatu. Gero lekuz aldatzen dira. Hori hiru urterekin egiten dute, eta entzuten eta sentimenduak adierazten ikasten dute. Negoziatzen ikasten dute.
Helduek ere landu beharreko gaiak dira.
Umeentzako proposatzen dugu hori, baina bai, nagusiok hori landu egin behar dugu. Irakasleok ere gatazkak gainditzea eta talde kohesioa lantzea behar dugu. Familiekin egitea ere komenigarria izango litzateke; askotan ahaztu egiten zaigu barku berean gaudela. Ezin gara bata bestea kritikatzen etengabe ibili. Guraso bati irakasleak egiten duena ez bazaio gustatzen, ezin du irakaslea desprestigiatu. Bat ez datorrela esateko eskubide osoa dauka, batzar bat deitu, eta berba egin irakasleagaz.
Lehenago pentsaezina zen gurasoek irakasleen kontra egitea.
Lehen irakasleek umeei mehatxu egiten zieten; “zure gurasoei deituko diet”, eta txarto iruditzen zait. Orain umeak dira mehatxu hori egiten dutenak. Eta gurasoak galdetzera barik kontuak eskatzera etortzen dira. Gurasoek ezin dute umearen aurrean irakaslearen autoritatea zalantzan ipini, konturatu behar dira irakasle horrengan konfidantza badute umearen ardura edukitzeko, umeak ere konfidantza izatea eragin behar dutela.
Negoziazioa eta bitartekaritza aipatu dituzu.
Bitartekaritza ez da zertan erabili. Hirugarren pertsona batengana gu gure kabuz egiteko gai ez garenean joko dugu, baina hezkuntzan autonomian sinetsi behar dugu, eta umeei tresnak eman behar zaizkie gatazkak gainditzeko gai izateko, eta ez direnean gai sentitzen hirugarren pertsona bati laguntza eskatzeko. Hark lasaitzen eta elkar entzuten lagunduko die, baina ez du zertan lehenengo bide eta bakarra izan.