Traña-Matienan garaje partzela bat eskuratzeko interesa zenbat herritarrek edukiko luketen jakiteko azterketa burutuko du udalak. Interesa duten herritarrei izena emateko deialdia zabaldu diete.
Traña-Matienako udal bulegoan zein udaletxean eman dezakete interesdunek izena. Gobernu taldeak bidali duen oharrean zehazten denez, "izen emate horrek eskaera neurtzeko balioko du, inolaz ere ez du esan nahi izena eman duenak esleitua duela garajea".
Jose Luis Navarro alkateak azaldu duenez, garaje partzelak erosteko eskaera dagoela ikusi ezkero, "udalak bakarrik egingo du 260 garajetako lurpeko aparkalekua". Garaje-partzela irekien prezioa 13.000-15.000 eurokoa izango da; 18:000-20.000 eurokoa, auto batentzako garaje itxiena; eta 24.000 eurokoa, bi autorentzako garaje itxiena.
Gobernu taldeak azaldu duenez, "duela urtebete tefonoz egindako inkesta batek erakutsi zuen bazirela gutxienez 300 lagun garaje-partzela bat erosiko" luketenak. "Egoera ekonomikoa okertzearekin, ordea, baliteke lehen garajea erosteko prest zeuden familiak orain gauza ez izatea". Eskaera aldatu den edo ez jakiteko burutuko dute azterketa.
Jose Luis Navarro alkateak azaldu duenez, "gure asmoa aparkatze lanak erraztea eta Matienako kaleak autoz arintzea da, gero eta trafiko astunagoa dute-eta".