Jantoki zerbitzu barik gelditu dira zazpi ume Zelaietan

Anboto 2012ko ira. 20a, 10:03

Eraikin berriaren obrak aurreikusi moduan abenduan hastea itxaroten dute

Eraikin berriaren obrak aurreikusi moduan abenduan hastea itxaroten dute.

 

Zelaieta Herri Ikastetxeko zazpi umek euren etxeetan bazkaldu beharko dute ikasturte honetan. Ikastetxeko jantokia lepo beteta dago eta ez dute lekurik bertan bazkaltzeko. Ikasturte honetan bi eta hamabi urte arteko 252 umek bazkaltzen dute zentroan. Hiru txandatan banatzen dituzten arren, ez dago gehiagorentzako lekurik. Egoera horren aurrean, gurasoak kezkatuta daude: “Oso injustua da ume hauek jantokian ez gelditzea. Lau urteko ume batzuek 14:00etan bazkaltzen dute. Arazoa oso larria da ”, azaldu du Maite Frades gurasoak.

 

Gema Telletxeak, ikastetxeko zuzendariak ere gai honekin kezkatuta daudela adierazi du. Gaineratu duenez, “zuzendaritza, gurasoak eta irakasleak alternatibak topatzen saiatu gara, baina ez ziren egingarriak”.

 

Zelaietako eskoletako leku falta konponduko lukeen proiektuak eraikin berri bat eraikitzea aurreikusten du. Obra horiekin gimnasio berria egin eta jantokia handitzea da asmoa. Lanak hasteko datan aldaketa asko egon dira. Haiseran lanak abenduan hasiko zirela iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak. Uztailera aurreratu zuten epea eta gero berriro atzeratu dute abendura. Jose Luis Navarro alkateak dioenez, obra esleituta dago, baina Ogasun sailak diru hori noiz liberatu zain daude. Proiektu berriari abenduan ekiten badiote, lau-bost hilabeteko epean amaituta egongo litzateke. Beraz, jantoki berria datorren ikasturtera arte ez da prest egongo. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!