Atxarte, zabortegia edo harrobien berreskuratzea?

Anboto 2012ko ira. 7a, 11:43

AHTaren hondakinak Atxarteko harrobi abandonatuetara eramatea berreskuratze plan baten barruan kokatu dute Abadiñoko Independienteek. Plan horrek zabortegi bat eraikitzeko asmoa ezkutatzen duela kritikatu dute hainbat eragilek eta EH Bilduk

AHTaren hondakinak Atxarteko harrobi abandonatuetara eramatea berreskuratze plan baten barruan kokatu dute Abadiñoko Independienteek. Plan horrek zabortegi bat eraikitzeko asmoa ezkutatzen duela kritikatu dute hainbat eragilek eta EH Bilduk.

 

Atxarte eta Atxa Txikiko harrobi zaharretan Abiadura Handiko Trenaren hondakinak botatzeko asmoak aurrez aurre jarri ditu Abadiñoko Independienteak eta oposizioa. Independienteek harrobien berreskuratze plan bati buruz berba egiten duten bitartean, AHTaren isurtegia izango dela salatu du Abadiñoko Bilduk. EAJk, berriz, abadiñarren mesedetarako beharrean Adifen alde jardutea leporatu dio alkateari.

 


Atxarteko harrobi zaharretara hondakinak botatzeko proposamena Adifen eskutik heldu da udalera. Izan ere, Adif trenaren obretatik ateratako hondakinak botatzeko arazoak izaten ari da.Udalaitzetik Elorriora arteko obretan sortutako soberakinei irtenbidea eman guran, Abadiñoko udalarengana jo zuten. AHTaren hondakinak Atxarten botatzearen truke, 1995etik abandonatuta dauden Atxarte eta Atxa Txiki harrobiak berreskuratuko dituztela azaldu zuten udalean.

 

“Urrezko aukera”

Jose Luis Navarro alkateak (Abadiñoko Independienteak) azaldu duenez, harrobiak oso egoera txarrean daude eta udalak ezin du haiek berreskuratzeko egin beharko liratekeen lanen kostua bere gain hartu. “Adifek aurkeztu digun proiektua urrezko aukera da harrobiak behar den moduan uzteko”. Proiektuaren datu zehatzagoak argitzeko, prentsaurreko bat antolatuko duela aurreratu du. 

 

AHTaren inguruan duen iritziaz galdetuta, gauzak argi dituela dio alkateak: “Independienteok beti egon gara Abiadura Handiko Trenaren alde, baina ez Euskadin egiten dabiltzan proiektu honekin. Beti defendatu dugu estatuagaz eta Europagaz  abiadura handiko lotura izatea, baina Euskadiko hiru hiriburuak tren honekin lotzeagaz ez gatoz bat, distantziak oso txikiak direla deritzogulako”.

 

\"\"

 

Eragin-azterketa auzitan

Abadiñoko Bilduk gogor kritikatu du Berreskuratze Planean ingurumen eraginaren azterketarik ez egin izana. Jaurlaritzak atzera bota du Abadiñoko Bilduk Ingurumen Sailaren txostenari aurkeztu dion helegitea. Hala ere, Atxartera bota ahalko ziren hondakinen inguruan arrazoia eman diete eta lehen mailako aridoak baztertu dituzte (hormigoia eta abar). “Orain gaia auzitegietara eraman ala ez aztertzen gabiltza”, esan du Bilduk.

 

Ingurumen eraginaren azterketa Bizkaiko Foru Aldundiak ere beharrezkotzat jotzen du. Erakunde horrek kaleratutako txostenean azaltzen duenez, “lur eta harri kopuru oso handia denbora luzez lekualdatuko da, 340.000- 1.070.000 metro kubo artean, eta horrek eragin handia izango du inguruaren topografian”. Aldundiak bere txostenean gogoratu duenez, Parke Naturalaren barruan kokatutako harrobiak dira. Parkea, Red Natura 2.000 sarearen barruan dago eta gainera Garrantzia Komunitarioko Leku izendatua dago.

 

\"\"Eneko Etxebarria EAJren zinegotziak ere ingurumen eraginaren azterketaren garrantzia nabarmendu du: “Beharrezkoa da berreskurapena, baina ez edozein prezio ordainduta”. Proiektu hau aukera ona izan daitekeela dioen arren, Etxebarriak egiten ari diren modua arriskutsua izan dela uste du. Herritarren mesedetarako beharrean, Adif enpresaren mesedetarako izango dela gaineratu du. EAJko zinegotziaren ustez, Abadiñoko alkateak duen interesetako bat hau da: proiektu honen truke Mendiola auzorako sarbide berri bat lortzea. “Biribilgune bat Muntsaratz aldera egin gura dute, baina proiektu hori ez da berria. Inguru horretan etxebizitzak eraikitzeko  asmoa zegoenean ere, biribilgune hori aurreikusita zegoen”, dio EAJk. Beste hainbat berreskuratze plan gogora ekarri ditu zinegotzi jeltzaleak: “Besteak beste, eskalada eskola bat sortzeko proiektu bat egina dago”. Mendiolako auzokideekin udalak ez duela berba egin kritikatu du. “Lehen ere zenbat sufritu zuten ikusita, orain ere hainbeste kamioirekin sufritu egingo dute”.

 

Abadiñoko Udalak baiezkoa eman eta gero, proiektuak hainbat erakunderen oniritzia jaso behar du orain.
Alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Ingurumen sailek aztertu beharko dute. Bestetik, orain arte bere iritzia ezagutzera eman ez duen erakunde batek ere proiektuaren inguruko azterketa egin beharko du: Urkiolako Parke Naturaleko Patronatoa. Patronatoak PRUG (Erabilera eta Kudeaketa Plan Errektorearen gaztelerazko siglak) deritzon araudia martxan ipini zuen, eta horren arabera aztertu beharko dute plana bere irizpideekin bat datorren edo ez. Patronatoaren kide dira inguruko udalen ordezkariak, elkarteak, ehiztariak, ekologistak, EHNE, EHU eta beste hainbat erakunde. Abadiñoko alkateak dioenez, Patronatoaren iritzia kontuan hartuko du. 

 


‘Atxarte Bizirik’ mugimenduak harrobiak geldiarazi zituenekoa

 

1990eko hamarkadan Atxarten sortutako mugimendu ekologistek harrobien jarduna geldiaraztea lortu zuten. Hainbat eragileren laguntzagaz, 1990eko maiatzean Urkiolaren Aldeko Batzordea  (UAB) sortu zuten. Atxarte Bizirik lema erabiltzen zuten. Eskalatzaileek eta ekologistek martxan jarritako borrokak Atxarte eta Atxa Txiki harrobiak zarratu zituen.

 \"\"

Harrobiko leherketak eteteko Eguzkiarreko horman hamaka handi batean zintzilikatzea bururatu zitzaien. Mugimendu hark nazioartean ere oihartzuna izan zuen. Hainbat egun egin zituzten horman zintzilikatuta. Durangaldeko eta baita Bilboko eskalatzaileek ere txandak egiten zituzten hamaketan. Beste mobilizazio batzuek ere oihartzun handia izan zuten. Harrobiaren ustiapen kontratua amaitzekotan zen, eta Abadiñoko Udalari eskatzen ziotena zen harrobiak ustiatzen zituzten enpresei kontratu hori ez luzatzea. Hainbat eskalatzailek auzitegietatik pasatu behar izan zuten koakzio delitua egotzita, baina guztiak absolbitu zituzten 1992 urtean. Ez ziren bakarrak izan. Abadiñoko sasoi hartako alkatea eta beste sei zinegotzi prebarikazioagatik auzipetu zituzten 1995eko urtarrilean. Udal ordezkari haiek ere absolbitu egin zituzten.

 

Desnivel aldizkarian idatzi zuen kronikan Atxarte Bizirikeko kide Xabier Berasaluzek azaltzen duenez, Abadiñoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Atxarten beste hamar urtean ustiatzeko plana sinatu zuten. 1994ko azaroaren 25ean, ekintzaileak harrobiaren hormara itzuli ziren hamaka jarrita eztandak eteteko helburuagaz, baina aurrera jarraitu zuten obrek: “Jendea horman zintzilikatuta zegoen bitartean eztandei ekin zieten”. 

 

 

Adierazpenak 


 

\"\"Kike de Pablo, 
mendizalea

“Atxartera botako duten materialak ez du ezelango kontrolik izango”

Kike De Pablo mendizale ezagunak argi dauka Atxarten egin gura dutena ez dela berreskuratze plan bat: “Atxarte zabortegi bihurtu gura dute. Eraikuntzaren zabor guztiak hara botako dituzte. Ez bakarrik lurra eta harria. Porlana, papera eta abar. Tuneletatik ateratzen dutena botako dute”. Hara botatzen duten materialak ez duela ezelango kontrolik izango gaineratu du De Pablok.

Parke Naturalaren barruan egon arren, harrobien kasuan mugak “mugitu” egiten direla dio, inguru horretan interes handia dagoelako, mendizalearen ustez. Durangaldeko mendikate horretan kalitate oso altuko karea dago eraikuntzarako.

 

\"\"Jaime Alonso, 
UABko kidea

“Zertarako parke natural bat gero ez badu inork errespetatzen?”

 

Jaime Alonso eskalatzailea Urkiolaren Aldeko Batzordean aritu zen 90eko hamarkadan, Atxarteko harrobien jarduna gelditzeko helburuagaz. Parke Naturala erregulatzeko ordenantza sortzerakoan, eskalatzaileekin eta beste eragile batzuekin elkartu izan direla azaldu du Alonsok. “Ez da argi ikusten zeinek eta zertarako sortu duen plan hau. Hogei urte baino gehiagotan ez dute ezer egin eta bat-batean han sartu eta gauzak egiten hasi gura dute”. Kamioirik ere ez dutela handik eraman gaineratu du Alonsok.

Berreskuratze planaren inguruko ingurumen eraginaren azterketa ere ez egin izana kritikatu du eskalatzaileak.

 

\"\"Goizane Azpiri,
AHT Gelditu! Elkarlaneko kidea

 “Zergatik ez dute  ingurumen eraginaren azterketa egin gura?”

 

Goizane Azpirik dioenez, Atxarteko harrobiak 90eko hamarkadatik darama geldirik eta hogei urteotan ez dute inongo interesik jarri, ez bertan dauden eraikinak kentzeko ezta ingurua garbitzeko ere. “Bistakoa da AHTaren tunelen soberakinekin hondakindegi bat eraiki nahi dutela obren ondoan, horrela gastuak aurrezteko eta gainera beraien burua zuritzeko”. Gaineratu duenez, “Urkiolako Parke Naturalean kokatuta egonda eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurugiro Sailak azterketa hau beharrezko dela dioelarik, zergatik ez dute ingurumen eraginaren azterketa egiten?”. Proiektu honek ustel usaina duela dio Elkarlaneko kideak.

 

\"\"Jose Luis Agirre,
Mendiolako auzokidea 

“Udala ez da Mendiolako auzokideekin harremanetan jarri”

 

Jose Luis Agirre Mendiola auzoan bizi da. Proiektu honen inguruan Abadiñoko Udala auzokideekin ez dela hartu-emanean jarri azaldu du. Daukaten informazioa Berria egunkariak argitaratutako erreportaje bat da.

Agirrek dioenez, harrobiak dauden moduan ez daude ondo, baina berreskuratze plan hau zalantzan jartzen du: “Batek daki lurra bakarrik botako duten Atxarten edo zeozer gehiago. Inguruan erreka bat dago, eta filtrazioak egon daitezke”. Mendiolako bidetik joango liratekeen kamioi kopuruaren inguruan arduratuta dago. “Orain auzokideok bakarrik ibiltzen gara bidean”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!