Lebario industrigunerako sarbide eta aparkalekuak berrantolatuko dituzte

Anboto 2012ko uzt. 27a, 09:19

Lebario industrialdeko sarbideak hobetu eta aparkalekuak berrantolatzeko proiektua burutzeko bidea erraztu dio Abadiñoko Udalak Eusko Trenbide Sareakeri (ETS). Lan horretarako behar diren lursailen derrigorrezko okupazioa bideratu du dagoeneko udalak. Hori gauzateko akordioa onartu zuten azken udalbatzarrean

Lebario industrialdeko sarbideak hobetu eta aparkalekuak berrantolatzeko proiektua burutzeko bidea erraztu dio Abadiñoko Udalak Eusko Trenbide Sareakeri (ETS). Lan horretarako behar diren lursailen derrigorrezko okupazioa bideratu du dagoeneko udalak. Hori gauzateko akordioa onartu zuten azken udalbatzarrean.

 

Jose Luis Navarro alkatearen ustean, N-634 errepidean, eta industrigunean ere bai, segurtasuna hobetuko dute epe laburrean hasiko diren lanok. Navarrok dioenez, espropiaziorako tramiteak lanak atzeratzea eragingo zuela-eta, hori ekiditzeko hartu du udalak derrigorrezko okupazioa gauzatzea.

 

Euskotrenek Lebarion kotxetegiak egiteko darabiltzan lanek errepide horren zati bat ukitu ondoren sortu da Lebario industrialdeko sarbideak hobetu eta aparkalekuak berrantolatzeko proiektua burutzeko beharra. Aldundiko Herri Lan sailak industrigunerako sarbideak egokitzea eta barneko bideak berrantolatzea eskatu dio ETS-eri.

 

Gaur egun, Lebarioko industriguneak hiru sarbide ditu, azelerazio erreilik gabekoak. Abadiñoko alkatearen berbetan, horrek trafikoari traba egiten dio eta istripu arriskua sortzen du. Euskotrenek, berriz, sarbide bakarra aurreikusi du landutako egitasmoan:  Berrizko mugan, irtetzeko eta sartzeko erreiekin. Azaldu dutenez, "industrigunera sartzeko Berrizko norabidea hartu beharko da beti, eta norabide berdina hartu beharko da irtetzeko; horretarako noranzkoa aldatzeko biribilgua hartzera behartuta egongo dira gidariak". Horrela trafikoa ez oztopatzea lortuko da Navarrorren esanetan.

 

Industriguneko bideen eta aparkalekuen berrantolaketa ere jaso du ETS-ek egitasmoan: "Gaur egun nolanahika aparkatzen dituzte autoak N-634 errepidearen alboan, industrialdeko alde bateko luzera osoan. GAuzatuko diren lanekin hori ezabatu eta toki gehiago emango zaie autoei industrialde barruan ibiltzeko, orain bat baino ez dagoen tokian errei bi jarriz". Bestalde, lantegien alboan aparkaleku berriak egingo dira. Bide batez espaloi bat ere egingo da N-634 errepidearen ertzean, industrialdera doazen oinezkoentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!