Irailaren 3tik 28ra bitartean egin beharko dituzte euskaraz ikasteagatiko diru-laguntza eskariak abadiñarrek. 2011-2012 ikasturteri dagozkien laguntzak dira, udal arduradunek ohar baten bitartez azaldu dutenez.
Errota kultur etxean edo Udal Mediatekan egin daitezke eskariak eta honako agiriak aurkeztu behar dira: nortasun agiriaren fotokopia, matrikula ordaindu izanaren agiria, euskaltegiaren ziurtagiria eta kontu zenbakia. Udal ordenantzaren arabera, herrian erroldatuta egoteaz gainera, ohiko ikastaroeta gutxienez %80ko asistentzia eskatuko da diru-laguntza lortzeko. Matrikularen %75 ordainduko zaie kasu horretan, eskola guztietara joanez gero %100 ordainduko da.
Iaz 47 lagunek jaso zuten diru-laguntza. Guztira 9.210 euro bideratu zuen Abadiñoko Udalak horretara. Diru-laguntza horiei buruzko ordenantzaren testu osoa udalaren webgunean begiratu daiteke.