Urkiolako Parke Naturalaren zati diren Atxarteko harrobietan, Eusko Jaurlaritzak, ADIFek eta Abadiñoko Udalak egin gura dute "isurtegi erraldoiaren" egitasmoa bertan behera uztea exijitu du Durangaldeko EH Bilduk. Dituen ondorio sozio-ekonomiko eta natural negatiboak aintzat hartuta egin dute eskari zuzena Atxarteko harrobietan bertan.
Endika Jaio Mañariako alkateak eraldaketa politiko eta sozialaren norabiean lanean jarraituko dutela nabarmendu du, "justizia sozialean eta herritarren parte hartzean oinarritutako bestelako eredu bat posible eginez". Aralarreko kide Amparo Ereñaga eta Dani Maeztu legebiltzarkidea ere egon dira agerraldian. Durangaldeko EAko beste hiru ordezkarigaz: Roberto Frontera, Juanito Agirre eta Isidro Gorrotxategi.
Atxarteko harrobian garatu gura duten egitasmoa, "hondamendi sozial eta ekonomikora garamatzaten politiken ondorio zuzena da", nabarmendu dutenez. Horren atzean "interes pribatuei eta hondoa jotako eredu neoliberalei men egiten dieten instituzio publikoak" daudela salatu dute. Hondamenditik ateratzeko hondamendira garamatzaten formulak berdinak aplikatu gura direla diote: "Herritarren geroa hipotekatzen dituzten azpiegitura erraldoien bultzadarekin egin gura diote aurre egoera sozio-ekonomiko larriari, zerbitzu eta sektore publikoetan inbertituz egin beharrean".
Azpiegitura erraldoien moratoria
Horren aurrean, azpiegitura erraldoien moratoria ezartzea planteatzen du irtenbide moduan Durangaldeko EH Bilduk. Aurreztutako dirua sektore publikoan inbertitu ahal izateko. "Urgentziazkoa" deritzoten moratoria horiekin "gastu soziala ziurtatu ahal izateko 500 milioi eurotik gora aurreztu" daitezkeela diote: "Herritarren geroan inbertituz krisialditik irtetzeko oinarri sendoak jartzen arituko gara". Aldi berean, eredu sozial eta ekonomikoari buruzko eztabaida zabaltzea proposatu du Durangaldeko EH Bilduk: "Eskualdez eskualde garapen orekatu baterantz eman beharreko pausoak gizarte mailan adostuz eta egungo ekoizpen eredua aldatu behar duen ehun produktiboa berrituz, bisrsortuz eta dibertsifikatuz herritarren parte hartzeagaz".
Era berean, azpiegiturak diseinatzerako orduan, eskualde mailan mugikortasun arazoei erantzun zuzena ematen dieten azpiegiturak lehenestea gura du Durangaldeko EB Bilduk.
Benetako eztabaida
Durangaldeko EH Bilduk eredu sozial eta ekonomikoari buruzko "benetako eztabaida" bultzatu gura du, eta banka nazional eta publikoaren aldeko apustua egin; baita sektore publikoaren, gastu sozialaren eta zerbitzu publikoen aldeko apustua ere. Ekoizpen eredua aldatu behar dela uste dute, eta azaldu dute Gipuzkoak jarritako erreforma fiskala Bizkaian, Araban eta Nafarroan aplikatuko balitz 500 milioi euro "era justo eta progresiboan" jasoko liratekeela. Espainaiko Gobernuak onartutako erreforma eta murrizketen aurrean 180 graduko aldaketa bultzatu behar dela uste du Durangaldeko EH Bilduk egindako agerraldian azaldu duenez.