Gerediagatik Bilbora, Iurretatik baino 79 zentimo garestiagoa da bidesaria.
Ekainaren 23an zabaldu zuen Aldundiak Gerediagako peaje berria, eta hilabete pasata lehenengo kritikak agertu dira. Prezioak atzera botatzen ei ditu erabiltzaileak, eta ez dirudi
N-634 errepideko trafikoa arindu duenik. Bilbora joanez gero, Iurretan sartuta baino 79 zentimo garestiagoa da. Bidesari berria, batez ere Lea-Artibaiko erabiltzaileei begira eraikita dago. Horregatik, Lea-Artibaiko Bilduk Gerediagako peajea Iurretakoaren pare ipintzea eskatu du. Eskualde horretako herritarrak ekonomikoki zigortu dituztela adierazi du Bilduk.
Abadiño, Garai, Berriz eta Zaldibarko erabiltzaileak ere antzeko egoeran daudela esan daiteke. Hori bai, hurreko joan-etorriak egiteko abantaila ere ikusten dute batzuek. Izan ere, Gerediagatik Iurretarako tartea doan ipini dute bi noranzkoetan, N-634 errepidean trafikoa arintzeko helburuagaz. Esaterako, Kepa Bengoak, Gerediagako auzotarrak, Durangora joateko hartzen du: “Edozelan ere, horrek ez du ordaintzen auzoan obragaz egin duten kaltea”. Gerediagatik Bilbora joateko, batzuek Iurretan irteten dute, gero berriz autopistan sartzeko. Horrela, 79 zentimo aurrezten dituzte. Bengoak aukera hori laster kenduko dutela uste du.
Javi Etxebarria berriztarrak beharrerako erabiltzen du autopista, autoeskolako irakaslea da-eta. Iurretan sartzen da, Gerediagan beharrean: “Oso jende gutxik erabiltzen du”. Berriztarrak, autopistak aspalditik doakoa behar lukeela dio.
Jose Lusi Navarro-Abadiñoko alkatea
“Abadiñoko herri barruko trafikoa gehitzea ekarri du”
“Egia da autopistaren sarrera-irteera apur bat hurbilago daukagula orain, baina herri barruko trafikoa gehitu digu”, dio Jose Luis Navarro alkateak. Beste herriguneetatik ateratzea lortu duten trafikoa orain Abadiñotik pasatzen da: “Ez gaude prest beste herri batzuek gura ez duten trafikoa hartuko duen tentelak izateko”.
Trafikoa gehiago hazten bada, neurriak hartuko dituztela dio alkateak: abiadura murrizteko neurriak, norabide bakarrak ezartzea edo bideak debekatzea aipatu ditu.
Iñaki Totorikaguena-Iurretako Alkatea
“Epe ertainera, Iurretarentzako oso ona da sarbidea”
Herri ikuspegitik pauso positiboa da Iñaki Totorikaguenaren ustez Gerediagako peajea. “Horrek, Iurreta erdibitzen duen N-634 errepidea zelanbaiteko etorbide bihurtzen lagunduko du”.
Aitortu du ez duela igarri trafikoa jaitsi denik. Baina, uste du goiz dela oraindino balorazioak egiteko. “Epe ertainera, Iurretarentzako oso ona da Gerediagako sarbidea, eta igarriko da”. N-634ko trafikoa lasaitzeko oinezkoei lehentasuna ematen dioten neurriak behar direla uste du.