"Langileak beldurtu gura dituzte kaleratze honegaz"

Anboto 2012ko uzt. 15a, 12:30

Bi urtez ELA sindikatuko delegatua izan da Asier Ezenarro Pierburg-en eta joan zen astean kaleratu zuten; protesta burutu zuten barikuan, enpresa aurrean

Bi urtez ELA sindikatuko delegatua izan da Asier Ezenarro Pierburg-en eta joan zen astean kaleratu zuten; protesta burutu zuten barikuan, enpresa aurrean.

 \"\"

Joan zen astean kaleratu zuten  Asier Ezenarro elgetarra Pierburg enpresatik. Diziplinazko kaleratzea ezarri diote. ELA sindikatuaren delegatua izan da azken bi urteetan Ezenarro, eta sindikatuko bere kideek diotenez, “enpresako bulegoan delegatu moduan egin duen lana deseroso zaielako kaleratu dute: langilegoa beldurtzea da lortu gura dutena”. Eta Ezenarroren ustez lortu dute: “Beldur itzela dago, inor ez da mugitzen; nahiago dute isilik geratu, pankartaren atzean agertuz gero hurrengoak izango direla uste dutelako”.

 

Mikel Elizburu ELAko kideak dioenez, tailerrean langileen eskubideen alde egiten zebiltzan lana bulegora zabalduko zutela ikusi zuen enpresak, eta delegatuekiko jazarpenari ekin: “Ordu sindikalak hartzeagatik, aparteko ordurik ez egiteagatik, edo prekarietatea salatzeagatik presioa egiten hasi zen enpresa duela bi urte”. Elizburuk dioenez, “Asierrek delegatu legez egin duen funtzioa mugatu guran ibili dira urteotan”.

 

\"\"

 

Sindikatze eskubidearen kontrako eraso oso larritzat du Asier Ezenarro delegatuaren kaleratzea ELAk. Horregatik, Durangaldeko, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko bere ordezkariak batuko ditu gaur enpresa aurreko kontzentrazioan, kaleratzea gogor gaitzesteko. Demanda aurkeztu du sindikatuak, eta epaitegiek arrazoia emango dietela seguru daude. Pierburg enpresako ELAko delegatuak jasaten ari diren jazarpena ere salatuko dute helegitean. 

 


“Komitearen gehiengoaren kontrako ituna adostu dute”

 

UGTk eta ELAk sei ordezkari, eta ESK sindikatuak bat daukate Pierburg enpresako batzordean. Enpresagaz lan hitzarmena lantzeko helburuagaz jardun dute ELAk eta ESK-k. Baina, ELAko ordezkarien berbetan, “komitearen gehiengoaren kontrako ituna adostu dute UGTk eta zuzendaritzak, eta langileak atxikimendu pertsonala ematera behartu gura dituzte”.

 

Itun horren kontra bide judizialetik jotzeko asmoa daukala azaldu du ELAk. Batzordeko kide baten kaleratzearen aurrean UGT isilik geratzea ere gogor kritikatu du ELAk. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!