Sei eta 65 urte bitarteko abadiñarren %65ek parte hartu dute dagoeneko Eusko Jaurlaritzak bultzatutako \'Bizimodu Osasuntsua\' programan. Herritargoan ohitura onak sustatzea helburu duen programa horren bitartez herritarren bizi-ohiturak aldatzeko neurriak hartu dituzte.
Medikuek bizi-ohitura osasuntsuen inguruan aholkatu dituzte euron pazienteak, eta umeen urtebetetze egunetan gozokirik ez eroateko eskatu dute eskoletan. Elikadura tailerrak ere antolatu dituzte ikastetxeetan, eta umeei "gosari osasuntsuak" ematen dizkiete. Bestalde, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleek osasuntsu jateko premiari buruzko kontzientziazio saioetan parte hartu dute.
\'Bizimodu Osasuntsua\' programari laguntzeko Abadiñoko Udalak ere hainbat ekintza gauzatu ditu, udal arduradunek azaldu dutenez. Horien artea, bidegorria, Traña-Matienako erabilera anitzeko eraikina, Muntsaratzko kirol pista eta saltoki handiaren alboan egokitutako "aisia lekua" nabarmendu dituzte. Nagusientzako gimnasio ikastaroak antolatu dituztela ere azaldu dute, eta "kirolzaletasuna sustatzeko, sedentarismoa borrokatzeko eta zahartze aktibo bultzatzeko" eratutako ekimenak.Inma Zapardiez Kultura era Kirol batzordeburuak azaldu duenez, " bide beretik jarraituko dugu lanean herritarren bizi-ohiturak aldatzeko laguntzeko eta, aldi berean, gure herria erakargarriago egiteko".
Osakidetzaren Barne Eskualdeak eta Jaurlaritzaren Osasun Sailak bultzatutako \'Bizimodu Osasuntsua\' programa hori Traña-Matienako osasun zentrotik koordinatu dute, batez be, dieta esasuntsua eta ariketa fisikoa egitera bultzatzeko; baita erretzaileen kopurua jaisteko ere. Bizkaiko Lehen Mailako Arretako Ikerketa Unitatearekin batera lan eginez, "herritarren ohiturak identifikatu dira, arriskutsuak direnak aldarazteko". Horretarako inkestak egin dira Traña-Matienako ikastetxeetan, kiroldegian, farmazian eta osasun zentroan.