Zelaietako estankoa dagoen eraikinaren jabeari espedientea zabaldu diote

Anboto 2012ko uzt. 6a, 09:21

Otsailean eskatu zion udalak jabeari segurtasunagaz lotutako obrak egitea

Otsailean eskatu zion udalak jabeari segurtasunagaz lotutako obrak egitea.

 

Zelaietako estankoaren eraikina erortzeko zorian dagoela deklaratzeko baldintzak ez dira betetzen. Horrela azaldu zuen Jose Luis Navarro alkateak ekaineko udalbatzarrean, Bilduren galderei erantzunez. Baina, urte hasieran, udalak jabeari obrak egiteko agindu zion, bertatik pasatzen diren herritarren segurtasunerako neurriak hartzeko: begiratokia apuntalatzea eta teilatua konpontzea.

 

Obrak urgentziaz egiteko agindu zuen orain bost hilabete udalak, baina jabeak lan horiek burutzeko tramitazioari ere ez dio oraindik ekin. Udalak emandako agindua bete ez zuenez, jabeari zigor espedientea zabaldu diotela baieztatu du alkateak.

 

Eraikinaren egoerari dagokionez, urte hasieratik hona ezelako aurrerapausurik eman ez izana udalari leporatu dio Bilduk: “Udala baita betearazlea”. Galdera bota du Saioa Zuazubizkarrek, Bilduren zinegotziak: “Lau hilabete hauetan zeozer pasatu balitz noren ardura litzake?”.

 

Segurtasunagaz lotutako obra horiek burutzeko epe berria emango dio udalak eraikinaren jabeari. Jabeak obrak hasiko ez balitu, udalak ekingo lieke, eta gero  jabeari ordaintzeko eskatu.

 

Eraikinaren gaur egungo egoeragaz,  udala egunero gastua pilatzen dabilela dio Jose Luis Navarro alkateak: udalak ordaindu ditu hartu diren gutxieneko segurtasun neurriak. Hala ere, Navarro  esan duenez, “hau gai teknikoa da eta politikariok ez dugu horretan zertan sartu”.

 

Bildu ustez, Zelaietako estankoaren antzeko eraikinek, “balio bat daukate herriarentzako eta babestu egin beharko lirateke”. Antzeko etxebizitzen katalogo bat eratzeko beharra ikusten du koalizioak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!