Gaur iluntzean hasi eta domekara arteko jaia

Anboto 2012ko uzt. 9a, 13:08

Gaur iluntzean abiatuko dituzte Mendiolako San Kristobal jaiak: txistularien musikak lagunduta, 19:00etan altxatuko dute Donien Atxa, eta ohiturazko berakatz zopa banatuko dute, ondoren, bertaratzen direnetzat

Gaur iluntzean abiatuko dituzte Mendiolako San Kristobal jaiak: txistularien musikak lagunduta, 19:00etan altxatuko dute Donien Atxa, eta ohiturazko berakatz zopa banatuko dute, ondoren, bertaratzen direnetzat.

 

Ohiturazko hitzorduak izango dira, bihar goizean ere Mendiolako jaietan: 11:30ean meza, eta Abadiñoko dantzarien emanaldia egingo dituzte lehenengo, eta gazta, ogia eta ardoa banatuko dituzte, 13:00etan.

 

Bariku, zapatu eta domekarako askotariko proposamenak dakartza Mendiolako Jai Batzordeak antolatu duen egitarauak. Durangaldeko talde biren kontzertua lotu dute, besteak beste, barikurako: Zarraparra abadiñarrek eta Ertzainak taldearen bertsioak sortzeko Ghetto taldeak sortu duen Gherttzainak-ek joko dute. Iaz ere jaietan giro polita ipini zuten Los Zopilotes Txirriaos taldekoek berriro joko dute, zapatuan.

 

Goizean goiz hasiko dute zapatuan jaia: hiru edo bost orduko ibilbidea egiteko, 08:00etan batuko dira Mendi-Olako lehenengo Biran parte hartzera animatzen direnek. Ondoren, Artzai txakurren txapelketa, eta herri kirolen eta kotxe zaharren erakustaldia izango dira zapatu goizean. Herri bazkariaren ostean, besteak beste, umeentzako jolasak eta tortila txapelketa egingo dituzte arratsaldean. Gauean, trikitilari gazteen emanaldia, bolo txapelketa, eta 00:00etatik aurrera Luhartz-egaz erromeria izango dira, esaterako.

 

Domekan, errifen zotz egitegaz eta Donien Atxa kentzeagaz emango dituzte Mendiolako jaiak amaitutzat. Aurretik, 11:30ean, meza eta 12:30ean, auzoko Alluitz taldearen emanaldia izango dira.

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!