Aurten barik, 2013ko udan hasiko dira Zelaieta eskolako jantokiko obrekin

Anboto 2012ko eka. 27a, 09:42

Horrela jakinarazi zuen Jose Luis Navarro alkateak atzoko udalbatzarrean: \'Gaur bertan egin dut Hezkuntza sailarekin berba, eta euren asmoa, jantokiko lanak 2013ko udan egitea dela esan didate\', azaldu zuen

Horrela jakinarazi zuen Jose Luis Navarro alkateak atzoko udalbatzarrean: \'Gaur bertan egin dut Hezkuntza sailarekin berba, eta euren asmoa, jantokiko lanak 2013ko udan egitea dela esan didate\', azaldu zuen.

 

Ohiko bilkuraren galdera eta eskarien tartean ekarri zuen Saioa Zuazubizkar Bilduko zinegotziak Zelaietako eskola publikoko obren gaia udalbatzarrera, eta honi erantzunez eman zuen Jose Luis Navarro alkateak albistea. Uda honetan egitekoak ziren jantokia eta gimnasioa handitzeko eta irisgarritasuna hobetzeko lanei noiz ekingo dieten galdetu zion Zuazubizkarrek gobernu taldeari.

 

"Zelaietako eskolako gurasoek jantokiagaz daukaten kezka" helarazi zuen Bilduko zinegotziak. Ume guztientzako lekurik ez dagoenez, hiru txandatan bazkaltzen dute umeek orain, "15:00etan euretariko batzuek", Zuazubizkarrek azaldu zuenez. Gurasoen iritziz eskola publikoan daukaten beharrizan larrienenkoa delako, lehentasuna jantokiko obrei ematea eskatu zuen Saioa Zuazubizkarrek.

 

Abadiñoko Independienteak taldeko alkateak adierazi zuenez, baina, "orain dagoen egoera berean ekingo diote irailean ikasturte berriari". Obrak burutzeko dirurik "oraindik ez" daukala jakinarazi dio Jaurlaritzak Abadiñoko alkateari, eta "arduratuta" dagoela adierazi du alkateak.

 

Udalarekin eta eskolaren zuzendaritzarekin izandako negoziazioen ostean, jantokia, gimnasioa eta irisgarritasuna hobetzeko lanak egiteko konpromezua hartu zuen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak. Jose Luis Navarro alkateak atzo adierazi zuenez, lehenengo gimnasioko lanei ekiteko asmoa dauka Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak, baina, uda honetan ez dute obrarik egingo. Negoziazioetan adostu zituzten epeak ez dituzte beteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!