Uda ostean lekualdatuko dute Zelaietatik Traña-Matienara posta bulegoa.
Gaur egun Zelaieta auzoan daukan bulegoa Traña-Matienako San Prudentzio kaleko lokalera lekualdatzeko lanetan ari da Correos enpresa publikoa. Bost hilabeteko exekuzio epea duten lanak dira, eta arduradunek azaldu dutenez, eraikina atontzeko lanak uztailean amaitzea espero dute. Behin lanak amaituta, uda ostean bulegoa Zelaietatik Traña-Matienara lekualdatuko dute.
Arduradunen berbetan, oinezkoentzako nahiz autoentzako irisgarritasun handiagoko 235 metro karratuko lokala da Correos-en Abadiñoko bulego berria hartuko duena. Zelaietako oraingo bulegoko zerbitzu berak eskainiko dituzte lokal berrian ere: banaketa eta bezoaren arretarako zerbitzua eskainiko dute.
Correosen Bizkaiko arduradunek azaldu dutenaren arabera, "orain arteko zerbitzuak mantentzea”, baina "abadiñar gehienentzat eskurago", hori da bulegoa lekuz aldatzearen helburua.
Talde Independenteko Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak, bere taldearen jarrera Zelaietako bulegoa mantentzearen aldekoa izan dela azpimarratu izan du. Bestalde, Correosen asmoen berri ofizialik ez duela jaso azaldu du alkateak.