Elkarte eta herritarrei batzordeetan parte hartzea proposatuko die udalak.
Kultura eta kirolagaz loturiko gaiak, eta nagusien arlokoak landuko dituzte udalaren aholku batzordeetan. Gai horiei lotuta, udalarentzako aholkulari jardungo dute batzorde horietan parte hartzen dutenek. Aho batez onartu zituzten joan zen asteko udalbatzarrean batzordeen arautegiak.
Kultura, kirola eta nagusien arloko gaiak eztabaidatuko dituzte batzorde horietan, eta baita proposamenak bideratu ere. Udal ekipamenduen eta ekintzen arloan egingo dute lan.
Herritarrek eta herriko elkarteen ordezkariek osatuko dituzte aholku batzorde horiek. Datozen asteetan eratuko dituzte.
Dagokien arloko aholkularitza batzordean parte hartzea proposatzeko, gonbidapen gutuna bidaliko die udalak herriko elkarteetako ordezkariei. Udaleko alderdi politiko bakoitzeko ordezkari batek eta norbanakoek ere hartuko dute batzordeetan parte. Gutxienez, urtean bitan batuko da batzorde bakoitza.
Bilduko Aitor Azuetak esan zuenez, “parte-hartzearen bidean urrats bat da” aholku batzordeon sorrera . Udalean jorratzen diharduten gaiei buruzko herritarren ekarpenak jasotzeko apropos ikusten dituzte batzordeok. Elkarteen arteko harremanak sendotzeko eta “herri kohesioa” bultzatzeko ere egoki ikusten dituzte.
EAJko Sarai Mimenzak ere bai: “Konforme gaude batzordeok sortzeko helburuekin, eta beharrezko ikusten dugu parte-hartzea. Positiboa da udalarentzat eta herriarentzat”.