Txaber Altube abadiñarra bigarren Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan

Anboto 2012ko eka. 2a, 23:16

Gaur jokatu da Bilbon Bizkaiko Eskolarteko XXIX. Bertsolari Txapelketako finala. Bertsolariak bi multzotan banatu dira, Maite Berriozabal berriztarraren agindupean

Gaur jokatu da Bilbon Bizkaiko Eskolarteko XXIX. Bertsolari Txapelketako finala. Bertsolariak bi multzotan banatu dira, Maite Berriozabal berriztarraren agindupean: hamalau urtera artekoak eta hamalautik hamazortzira artekoak.

 

Txikien mailan parte hartu du Txaber Altube Abadiñarrak. Iaz ere maila berean aritu zen eta txapela jantzi zuen, aurten ostera, saio ederra burututa bigarren egin du. Iker Larizgoitia Mungiarrak eskuratu du txapela, ideietan argi eta erantzunetan bizi-bizi arituta.

 

Nagusien mailan lehia estua bizi izan dugu Nerea Ibarzabal markinarraren eta Malen Amenabar lezamarraren artean. Buruz-buruzkoan jokatu dute txapela eta azken urteetan ohikoa dugun moduan Markinara eraman du txapela Nerea Ibarzabalek. Juanjo Respaldiza bertso irakasleari eskaini dio azken agurra.

 

Juanjo eztou kantau gura

Esan dugu mila aldiz

Sei urte pasatu dira

Ta oindik bardinetan gabiz

Baina zuk zure euskara

Bizkaitar fin eta garbiz

Konbentzitu ein gaituzu

Urtez-urte behin da barriz

Zenbat palmera ta barre

Zenbat bertso ta zenbat hitz

Oin betea dan bizia

Jende eta mundu barriz

Ze hutsa izango litzaken

Zugatik izan ez balitz

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!