Erramun Martikorena eta Mikel Markezek disko berriak aurkeztuko dituzte San Trokaz jaietan, 22:30ean, gaur. Bakarka ariko dira, baina, tarteka, baita elkarrekin ere. Abadiñoko probalekuan eskainiko dute kontzertua, eta sarrera doakoa da. Horren aurretik, 18:00etan, Hortzmuga taldearen Libertia izango da Ferialeku plazan.
Goizean goiz ekingo diote jai egitarauari, bihar. Bizikleta martxa egingo dute 10:00etan, eta goizaldera arte askotariko ekintzak izango dira aukeran: Gaztelurako Kronoigoera Kanposantutik Gaztelutontorrera abiatuko dute 12:00etan, eta paella txapelketa burutuko dute, esaterako, eguerdian.
Besteak beste, Eskuz binakako San Trokaz sariaren finalak, umeentzako jolasak, eta abesbatzen ektaldiak izango dira aukeran, bihar. Txanporta plazan, Gozategi taldeagaz erromeria izango da 20:00etan; eta Gramones eta Gherttzainak taldeek bertsioak eskainiko dituzte, 23:30ean.
Domekan, Txanporta plazan egingo duten txokolatadaren ostean egingo diote agurra jaietako irudiari: Gerbasi. Aurretik, Txanbolin taldeko txistularien (11:00etan) eta Talde Batuak (17:00etan) kalejirak ere burutuko dituzte.
San Trokaz eguna
Jende asko batu zen, martitzenean, San Trokaz Eguneko ohiturazko ekitaldietan. Meza Nagusian jaunartzea burutu zuten, maiatzaren 15ean, herriko hainbat umek, eta ondoren, dantza emanaldia eskaini zuten ezpatadantzari eta irlanderek, neska-mutikoen, udal ordezkarien eta bertaratutako herritarren aurrean.