Iaz berreskuratu zuten ‘Maleta siku’ bazkari herrikoian elkartuko dira gaur.
Gaur hasi eta maiatzaren 20ra arte ospatuko dituzte San Trokaz jaiak Zelaietan. Aurtengo jaiak “are herrikoiagoak” izango direla adierazi dute antolatzaileek. Udalak eta Zelaietako jai batzordeak antolatu dute jai-egitaraua.
Maleta siku bazkari herrikoia egingo dute jaien lehenengo egunean, gaur. Iaz berreskuratu zuten ohitura hori: janaria etxetik eramango du parte-hartzaile bakoitzak, eta baserritar jantzita joatera animatu dute antolatzaileek.
Maiatzaren 19an burutuko duten erlojupeko lasterketa da aurtengo San Trokaz jaietako berritasunetako bat: hilerritik Gaztelu tontorrerainoko ibilbidea burutuko dute txirrindulariek.
Bestalde, jaietarako gordetako aurrekontuaren %20 urtean zehar beste ekitaldi batzuk antolatzeko gordeko du Jai Batzordeak. “Ekitaldi garestiak alboratu eta kostu gutxiko jarduera herrikoiak” gura izan dituzte bultzatu. Ohar batean eskertu du Jose Luis Navarro alkateak Jai Batzordeak egin duen “lan handia”.
Musika zaleentzako askotariko eskaintza egongo da: Mikel Markez, Erramun Martikorena, Segismundo Toxicomano, Namek Planet eta Gozategik jardungo dute, besteak beste.