Haurreskola biak atonduko dituzte aurten eta 2013an

Anboto 2012ko api. 25a, 10:35

EAJko zinegotzi bien abstentzioak ahalbidetu zuen alderdi horrek eta AIren gobernuak adosturiko 2012rako udal aurrekontua onartzea. Traña-Matienako eta Zelaietako haurreskola berriak eraikitzeko diru-atalak jasotzen ditu aurrekontuak

EAJko zinegotzi bien abstentzioak ahalbidetu zuen alderdi horrek eta AIren gobernuak adosturiko 2012rako udal aurrekontua onartzea. Traña-Matienako eta Zelaietako haurreskola berriak eraikitzeko diru-atalak jasotzen ditu aurrekontuak.

 


“Ez da aurrekonturik onena, ezta gustokoen duguna ere”, esan zuen Etxebarria jeltzaleak. Aurrekontu proposamenean gastua murrizteko saiakera egiten delako eta “herriarentzako ezinbestekoak diren hainbat inbertsio gauzatzea dakarrelako” ahalbidetu du EAJk gobernuaren proiektuak aurrera egitea. Horrela azaldu zuen abstentzioaren aldeko bere alderdiaren hautua Etxebarriak.

 

2012rako
INBERTSIO NAGUSIAK

  • Traña-Matienako
    haurreskola:
     
    600.000 euro
  • Zelaietako Kalbario ingurua berregituratzea:
     454.000 euro
  • Eraginkortasun energetikoa hobetzeko lanak:
     376.746 euro
  • Traña-Matienako eskolako energia sistema: 
    357.754 euro
  • Errota kultur etxeko teilatua konpontzea: 
    99.747 euro
  • Jolasguneak: 
    75.000 euro
  • Erabilera anitzeko eraikinaren inguruan haizetarako kirolgunea atontzea: 
    35.000 euro

Gastu arrunta murriztu

Antonio Serrano AIko zinegotziak azaldu zuenez, udalaren gastu arrunta murriztea izan dute aurrekontu proposamena diseinatzerakoan helburu. Eguneroko gastua eta pertsonalarena %3 gutxitzea aurreikusi dute, eta herriko jai nagusi bietako aurrekontua ere 20.000 euro gutxituko dute.

 


2012 eta 2013an bueltatzeko konpromezuzko hiru kreditugaz aurreikusten du udalak aurten eta datorren urtean burutzea dituzten inbertsioak finantzatzea. 

 

Haurreskola biak

Besteak beste, Traña-Matienako eta Zelaietako haurreskola berriak eraikitzeko diru-atalak jasotzen ditu atzo onartu zuten aurrekontuak. Jose Luis Navarrok aurreratu duenez, uda honetan hasiko dituzte Traña-Matienan haurreskola eraikitzeko lanak. Azaldu duenez, 2013an egingo dituzte Zelaietan haurreskola eraikitzeko lanak: Eusko Jaurlaritzak altxatuko duten eraikin berriaren beheko solairuan atonduko dute haurreskola. Guztira, 1.700.000 euroko inbertsioa aurreikusten dute bi urtean haurreskolen proiektuak burutzeko.

 


Aurten eta 2013an burutuko dituzten lanen artean, Zelaietako Kalbario ingurua berregituratzeko proiektua ere jaso dute. Saneamendua eta irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dituzte.

 


“Aurrekontu hau ez da herritarren lehentasunaren arabera diseinatu”, esan zuen Bilduko Aitor Azuetak. “Bat ez gatozen herri eredu bat garatzen dutelako”, azaldu zuen Azuetak, “ez dugu proposamen hau onartuko”. Kontra bozkatu zuten. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!