Aurrekontuak onartzeko EAJren babesa izango dutela iragarri du Navarrok

Anboto 2012ko api. 24a, 11:09

Gaur 19:00etan burutuko duten udalbatzarrean aurkeztuko du Abadiñoko Independienteak taldeak EAJrekin adostu duen 2012rako udal aurrekontu proposamena. Iazkoa baino %17 altuagoa da proposatuko duten aurrekontua

Gaur 19:00etan burutuko duten udalbatzarrean aurkeztuko du Abadiñoko Independienteak taldeak EAJrekin adostu duen 2012rako udal aurrekontu proposamena. Iazkoa baino %17 altuagoa da proposatuko duten aurrekontua

 

Gaur goizean udaletxeko pleno aretoan eskaini duen prentsaurrekoan eman ditu iluntzean eztabaidatuko duten udal aurrekontuaren inguruko azalpenak Jose Luis Navarro alkateak. Esan duenez, abstenitu egingo dira EAJko zinegotziak, eta kontra bozkatuko dute Bildukoek. "Horrela, itxura guztien arabera, Abadiñoko Independienteak taldekoon bozkekin onartu egingo dugu gaur udal aurrekontua", esan du Navarrok.

 

Alkateak azaldu duenez, "udalaren gastu arrunta murriztea izan dugu aurrekontu proposamen hau diseinatzerakoan helburuetako bat". Eguneroko gastua eta pertsonalarena gutxitzea aurreikusi dute. Besteak beste, herriko jai nagusi bietako aurrekontua 20.000 euro gutxitzea proposatuko dute.

 

Inbertsioak

2012 eta 2013 urteetan bueltatzeko konpromezuzko hiru kreditugaz aurreikusten du udalak 3.000.000 euroko inbertsioak finantzatzea. Besteak beste, eta alkatearen berbetan "premia larriko beharra delako, Traña-Matiena eta Zelaietako haurreskola berriak eraikitzeko proiektua jasotzen du gobernuaren aurrekontu proposamenak".

 

Jose Luis Navarrok aurreratu duenez, uda honetan burutuko dituzte Traña-Matienan haurreskola eraikitzeko lanak. Azaldu duenez, 2013an egingo dituzte Zelaietan haurreskola eraikitzeko lanak: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak altxatuko duten eraikin berriaren beheko solairuan atonduko du, alkateak esan duenez, udalak haurreskola. Guztira, 1.700.000 euroko inbertsioa aurreikusten dute haurreskolen proiektuak burutzeko.

 

Zelaietako Kalbario ingurua berregituratzeko proiektua ere jaso dute "Abadiñoko Independienteak eta EAJk adosturiko aurrekontu proposamenean". Besteak beste, inguru horretako saneamendua eta irisgarritasuna hobetzeko lanak burutzera 1.183.000 euro bideratzea jasotzen du gaur bozkatuko duten aurrekontu proposamenak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!