Belaunaldien arteko elkartasuna sustatzeko martxa antolatu dute

Anboto 2012ko api. 19a, 11:59

Apirilaren 22an, Zelaietako trinketetik abiatuko da belaunaldien arteko martxa. Adin guztietako herritarren arteko hartu-emanak eta komunikazioa sustatzeko helburuz antolatu dute Abadiñoko San Trokaz eta San Prudentzio nagusien elkarteek

Apirilaren 22an, Zelaietako trinketetik abiatuko da belaunaldien arteko martxa. Adin guztietako herritarren arteko hartu-emanak eta komunikazioa sustatzeko helburuz antolatu dute Abadiñoko San Trokaz eta San Prudentzio nagusien elkarteek.

 

Europar Batasunak Belaunaldien arteko elkartasunaren urtea izendatu du 2012, eta testuinguru horretan antolatu dute domeka honetarako ekimena. "Gizarte osoa sentsibilizatu gura dugu belaunaldien arteko komunikazioaren beharraz", azaldu dute aurkezpenean. "Pertsona nagusiak gizarteko talde marginatu bezala barik parte aktibotzat har ditzagun" gura dute martxa hau bezalako ekimenekin lortu. Abadiñoko udalak, Durangaldeko Amankomunazgoak eta BBKren gizarte ekintzak babestu dute ekimena.

 

Apirilaren 22an, Abadiñoko trinketetik aterako dira ibilaldiak. Zailtasunaren arabera, hiru ibilbide izango dira aukeran. Hiru orduko iraupena izango du 10:00etan aterako denak; ordu bikoa 11:00etan aterako denak; eta ordu eta erdikoa, 12:00etan hasiko den ibilbide laburrak.

 

Gaur egun gizartearen %20 da 65 urtetik gorakoa. Gizartearen zati hain handi eta garrantzitsua alboratua geratu ez dadin lan egiteko "mundu mailako mugimendu zabal baten parte" bezala aurkeztu dute domekako martxa: "Ezagutzaren trasmisioan parte har dezatela nagusiek, eta adin guztietako elkar aberastu dezatela" da helburua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!