Zahartze aktiboa eta belaunaldien arteko harremanak bultzatzeko ekimena dihardute Zelaietako eskolan burutzen. Auzoko jubilatuen elkartearen laguntzagaz antolatu dute hitzaldi-sorta. Eskola-umeei euren bizipenak kontatuko dizkiete dozena bat nagusik.
Bederatzi eta hamar urteko umeekin elkarrizketa eduki zuten martitzenean argazkian kontu-kontalari agertzen diren Javier Gorrochategui eta Jon Iturriagak, esaterako. Abadiñoko auzoetatik eskolara zelan oinez joaten ziren, edota zeintzuk jolasetan jarduten ziren azaldu zieten, besteak beste, nagusiek adi-adi entzun zieten umeei.
Esan bezala, herriko nagusiak eskolako solasaldietara gonbidatu dituzte zahartze aktiboa eta belaunaldien arteko harremana bultzatzen duen ekimen honegaz. Gainera, argazki zaharren erakusketa ere antolatu dute. Juan Luis Elorzak egindako eta batutako argazkien bilduma dago Zelaietako eskolaren sarreran ikusgai.
Apirilaren 20an, Edurne eta Iciar Astigarragaren bisita jasoko dute Zelaietako hiru urteko umeek. Antzinako ipuinak eta kantak irakatsiko dizkiete umeei asteko elkarrizketa-sorta itxiko duen barikuko saio horretan.
Apirilaren 20an baita, eskolako gurasoei zuzenduriko saioa burutuko dute Txanporta kultur etxean. Elorzak batutako argazkiak oinarri hartuta, euren bizipenei, dantzei, eskolari, etabarri buruz jardungo dute Zelaietako jubilatuen elkarteko kideek.